Maider Oleaga, Maider Fernandez eta Leire San Martin elkartuko dituzte 'Hiru begirada. Hiru pasarte' topaketan
Hiriko gainerako kultur ekipamenduek bezala, Tabakalerak ere bere eskaintza moldatu behar izan du COVID-19ak eragindako egoerara. #TabakaleraEtxean lelopean, euren eskaintza kulturala herritarrekin ari dira partekatzen, teknologia berrien bitartez, eta horren adibide da ostiraletan egiten ari diren Hiru begirada. Hiru pasarte izeneko zikloa.
Ostiralero, emakume zinegileei buruzko mahai-inguru birtuala egiten dute, zinemarekin eta feminismoarekin lotura duten emakumeekin; gonbidatutako bakoitzak, pelikula baten pasartea aukeratzen du, eta pasarte horietatik abiatuta, zinemari buruzko hizketaldia egiten dute parte hartzaileek.
Bihar, maiatzaren 8an, izango da laugarren saioa, eta Maider Fernandez, Maider Oleaga eta Leire San Martin izango dira gonbidatuak; Lur Olaizolak, Tabakalerako ikus-entzunezkoen atalaren koordinatzaileak, dinamizatuko du solasaldia, eta euskaraz izango da. 19:00etan hasiko da, eta honako estekan sartuta ikusi ahalko da saioa. Honela definitu du zikloa Olaizolak: “Emakumeok zinemari buruz hitz egiteko elkartzen garen espazio bat da, eta elkarrizketa irudietatik abiatzen da. Bakoitzak partekatzen duen pasarteen artean, ezusteko elkarrizketa eta oihartzunak sortzen dira, eta ikusitako pasarteek eramaten gaituzte hitz, ideia eta hausnarketetara”.
Noka programa
Hasieran, Hiru begirada. Hiru pasarte egitasmoaren barruan hiru saio besterik ez zituzten aurreikusita antolatzaileek, eta horien helburuetako bat zen euskal emakume zinemagileen proiektuak sustatzeko Noka programari bultzada bat ematea. Solasaldiek izandako erantzun positiboaren ondorioz, jarraipena ematea erabaki dutela azaldu du Olaizolak.
Aurten, bigarren aldiz antolatu dute Noka programa, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta Tabakalerak, eta hasieran antolatutako hiru saioetako bakoitzean, aurtengo programako zuzendari bat gonbidatu dute: Irati Gorostidi, Sara Fantova eta Marina Palacio). Gainera, gonbidatuen artean izan dira ere beraien tutoreak: Elena Lopez Riera, Celia Rico eta Mar Coll. Egindako saioen beste gonbidatuak izan dira Lara Izagirre, Maialen Beloki eta Amaia Serrulla.
Egindako hiru saioak online daude ikusgai, Tabakaleraren webgunean. Lehenengo solasaldiko gonbidatuak izan ziren Elena Lopez Riera, Lara Izagirre eta Irati Gorostidi, eta honako pelikulak aukeratu zituzten, hurrenez hurren: News from home (Chantal Akerman, 1997), Fish Tank (Andrea Arnold, 2009) eta La niña santa (Lucrecia Martel, 2004). Bigarren saioan, aldiz, honako gonbidatuek honako filmak aukeratu zituzten: Sara Fantovak, Familia sumergida (Maria Alche, 2018); Celia Ricok La larga despedida (Kira Muratova, 1971); eta Maialen Belokik 35 rhums (Claire Denis, 2008).
Azkenik, hirugarren solasaldian Agnes Vardaren Documenteur aukeratu zuen Marina Palaciok, Iciar Bollainen Hola, ¿estas sola? pelikula hautatu zuen Mar Coll-ek, eta Amaia Serrullak, Carla Simonen Estiu 1993.
Lur Olaizolak ostiraleko saioaren nondik norakoak azaldu ditu bideo batean: