Parte Zaharreko, Groseko eta Matia kaleko terrazak handitzea "nekeza" izango litzatekeela uste du Goiak
Alkateak udarari begirako hainbat aurreikuspen egin ditu Euskadi Irratiko Faktoria saioan eta, besteak beste, aurten Aste Nagusia ospatzea zaila izango dela aurreratu du.
Egunotan herritarren ahotan dauden hainbat gai jorratu ditu gaur Eneko Goiak Euskadi Irratiko Faktoria saioaren mikrofonoen aurrean, COVID-19ak markaturiko udararen inguruan udalak egin dituen zenbait aurreikuspen plazaratuz. Besteak beste, hiriko tabernetako terrazak zabaltzeko aukeraz mintzatu da, datorren astelehenean martxan jarriko den 1. fasearengatik galdetuta.
Goiak azaldu duenez, tabernen eta mahaiek bi metroko distantzia gorde beharko dutenez, hauek kalean okupatzen duten espazioa zabaltzeko aukerak aztertzen ari dira, baina hori kudeatzea erronka zaila izaten ari dela azpimarratu du. Izan ere, Donostian 700 bat terraza daudela azaldu du alkateak, bakoitza bere baldintzak dituela nabarmenduz.
Hori dela eta, eskaera bakoitza modu indibidualean aztertuko dutela iragarri du: “Gure erabakia da momentu honetan eskariak banan bana aztertzea, eta zenbait irizpideren arabera onartzea edo ez. Eta irizpide nagusiena izango da eskatzen den lekuaren gune publikoaren kopurua, eta ez oztopatzea hiritarrek normaltasunez eta behar den distantziarekin kalean ibili ahal izatea”.
Zentzu horretan, irizpide horien arabera hiriko hainbat guneetako terrazak zabaltzea “nekeza” izango litzatekeela adierazi du, Parte Zaharraren, Grosen eta Matia kalearen adibideak aipatuz. Bestalde, Intxaurrondo eta Amaran, esaterako, terrazak zabaltzeko aukera gehiago ikusten dituela esan du.
Hiriko hainbat auzo elkartek terrazak ez handitzeko eskatuz argitaratu duten idatziari dagokionez, berriz, gustatu ez zaiola eta “berekoia” iruditu zaiola adierazi du alkateak: “Kaleak lagundu baldin badiezaieke [tabernari eta dendariei], uste dut, elkartasun minimo bat kontuan hartuta, gure obligazioa dela laguntzen saiatzea. Horregatik esaten dut ez dudala ulertzen horrelako jarrera berekoirik testuinguru honetan”.
Pandemiaren ondorio ekonomikoak
Bestalde, koronabirusaren pandemiak hiriko ekonomian izango duen eragina “ikaragarria” izango dela iragarri du Goiak, aurreikuspenen arabera Donostiako Udalaren diru sarrerak %20 murriztuko direla adieraziz. Horrek, nola ez, udalaren inbertsioetan eragin zuzena izango duela nabarmendu du, egoera oraindik aztertzeko dagoela gaineratuz.
Dena dela, momentu honetan laguntza sozialek udalaren “atentzio guztia” beharko dutela azpimarratu du, eta urte honetarako pentsatuta zeuden hainbat proiektu atzeratu egingo direla azaldu du, hala nola Anoetako estadio txikiarena, Zubietako hockey zelai berriarena eta Kontxako barandaren bigarren zatiarena: “Horiek aurten martxan jartzea ez litzateke posible izango, eta testuinguru honetan gainera ez litzateke ulergarria izango, beste behar batzuk ditugulako”.
Aste Nagusia, kolokan
Hiriko jaiez eta jarduera kulturalez ere mintzatu da Goia. Aste Nagusiari dagokionez, oraindik erabaki finkorik hartu ez bada ere, aurten festak ospatzea zaila izango dela aurreikusten dute udaletik: “Aste Nagusia gaurko egoeraren arabera baloratu beharko bagenu, oso nekeza litzateke egin ahal izatea. Azken finean, jai batzuek jende kontzentrazioan dute oinarria, eta segurtasun baldintzek oso zail egiten dute festa bezala ulertzen dugun hori egin ahal izatea”.
Bestelako jarduera kulturalei dagokienez, aldiz, jarrera optimistago bat azaldu du alkateak: “Hiri honek bere izaera kulturala mantentzeko apustua egin behar du, eta zailtasunak zailtasun, Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia mantendu egin nahi ditugu, edukiera mugatuekin”.
Aipaturiko jaialdiak kalean eskainitako kontzertuekin irudikatzen dituela adierazi du alkateak, eta zenbait kasutan espazio itxiak ere baliatu ahalko liratekeela gaineratu du, betiere segurtasun distantziak mantenduta.
Jazzaldiko hondartzako kontzertuak aurten errepikatzea zaila izango dela uste du, ordea, kalean eginiko ekitaldi guztiak sarreren bidez kudeatu beharko direla aurreratuz: “Hondartzak, gauak eta garagardoak segurtasun neurriak betetzeko konbinatu konplikatu samarra osatzen dute”.
Hondartzak ere, ezbaian
Hondartza denboraldiagatik galdetuta, udalean oraindik aukera ezberdinak aztertzen ari direla esan du Goiak, baina lantzen ari diren ideien artean, itsasgora dagoen aldiro Kontxako hondartza ixteko erabakia baloratzen ari direla aurreratu du.
Denboraldiaren hasierari dagokionez, Espainiako gobernuak ezarritako fase sistemak ekainaren 1ean hondartzak irekitzea galaraziko duela azaldu du: “Ekainaren 1ean hondartza denboraldia hastea ez da posible izango. Asko jota 8an izan daiteke, baina hori ere azkarregia izan daitekeela uste dut, eta posizio itxirik ez dugun arren, ekainaren bukaera aldera begiratzen ari gara gehiago”.
Bestalde, aurten hondartzak eguzki oihalik gabe ikustea litekeena dela nabarmendu du Goiak, kabina eta komunekin ere zer egingo duten argi ez daukatela gaineratuz.