Udalak B@k ziurtagiri digitala onartuko du Internet bidezko tramiteak arintzeko
Covid-19ak dokumentuen tramitazio fisikoa galarazi duenez, udalak Internet bidezko gestioak zabaldu eta arintzeko beharra identifikatu du. Horretarako, hiriko administrazio zerbitzuek udal dokumentu guztietan herritarren identifikazioa B@k ziurtagiri digitalaren bidez egitea onartuko dute hemendik aurrera, osasun larrialdiak iraun bitartean.
B@k ziurtagiria identifikazio elektronikorako tresna bat da, eta dohainik eskuratu daiteke aldundiaren webgunean, nortasun agiriko zenbakia aurkeztuta. Horren bitartez, lehen soilik fisikoki egin zitezkeen izapideak etxetik eta ordenagailu baten bidez egiteko aukera eskainiko du udalak. Dena dela, segurtasun arrazoiengatik, udal teknikariek dokumentu jakin batzuekin aparteko bermeak eskatzeko aukera izango dute.
Bestetik, Udalinfok bere Morlansko bulegoa ireki berri du herritarrek erroldarekin lotutako tramiteak burutu ahal izateko. Bulegoa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 09:00etatik eta 14:00etara, eta arreta jasotzeko ezinbestekoa izango da aurretik hitzordua eskatuta izatea, 010 telefonoaren bidez edo udalaren webgunean.