Vallecasko Robin Hood
‘Apuntes para una pelicula de atracos’
Zuzendaria: Elias Leon Siminiani
Urtea: 2018
Herrialdea: Espainia
«Aspaldi egin nahi izan dut lapurreta film bat eta, 2013an Teleberrian ikusitako albiste batek interesa areagotu zidan. Banketxeetara estolderiatik sartzen zen tipo bat atxilotu zuten, eta hedabideek Vallecasko Robin Hood moduan aurkeztu zuten. Nor ote zen tipo xelebre hori? Ez zeukan filmetako lapurren itxurarik. Eskutitz bat bidali nion espetxera eta hiru astetara, erantzuna jasoko nuen. Dokumentalaren inguruko informazio gehiagoren eske idazten zidan, prest baitzegoen bere istorioa kontatzeko».
Adierazpen horrekin emango dio hasiera Elias Leon Siminianik bere lapurreta edo adiskidetasun film honi: umorez beteriko krimen-dokumentala. Ikusi beharrekoa!
Siminianik hainbeste miresten dituen Pasoliniren filmetan bezala –Appunti per un film sull’India, Appunti per un romanzo sull’immondizia eta Appunti per un’Orestiada africana– proiektuaren zirriborroa behin betiko filma bihurtuko da. Filmak berak making of-a barneratuko du, eta butroi lapurreta modua abiapuntua bada ere, askoz gehiago eskainiko digu Siminianik.
Flakorekin -lapurrarekin- jarriko da harremanetan eta elkarlanean estolderiaren lapurreta prozesuen inguruko dokumental bat egitea adostuko dute. Horrela, Flakok Madrilgo tunel guztietatik eramango du Siminiani, eta trikimailu guztiak erakutsiko dizkio. Gainera, filmaketak aurrera egin ahala, beraien arteko harremana estutzen joango da: Siminiani Flakok idatzi duen eleberria argitaratzen eta bera birgizarteratzean laguntzen saiatuko da, bien familiak elkar ezagutuko dute, Flakok zerk bultzatu duen lapurtzera azalduko dio, eta abar. Beti zilegitasunaren inguruko ika-mikak direla medio, noski.
Gainera, Siminianik ere zuzendari gisa dituen kezkak mahai-gaineratuko ditu -zinemagileen etikaren, aitatasunaren eta gizarte-klase desberdinen inguruko gogoetak, besteak beste-, ikuslea filmatze prozesuaren lekuko bihurtuz. Arima biluztuko du eta dokumentalaren ko-protagonista bilakatuko da, Flakorekin batera bikote erakargarri eta komikoa osatuz.
Eta bere aurreko lanetan bezala, oraingoan ere muntaia dinamiko baten bitartez xarma handia duen istorioa eskainiko digu. Mapa (2012) filmean bere egunerokoa film erromantiko batean bihurtu, eta telebistarako El caso Asunta (2017) dokumental-sail mingarria sortu ondoren, 2018an errealitatea eta fikzioa nahasten dituen dokumental arin hau aurkeztu zuen Siminianik Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean. Gainera, dokumental onenaren Feroz saria irabazi zuen eta Goya sarietarako izendapena jaso zuen ere.
Gaur egun, Netflixen dago ikusgai lapurreta filmen irudi mitikoak Flakoren antzezlanekin nahasten dituen film ikaragarri hau, Vallecasko Robin Hood ospetsuaren erretratua eta zinemagintzaren hainbat lezio eskaintzen dizkigun Siminianiren azkan lan hau.