Anbulatorioa funtzionamenduan ikusteko gogoz daude Aieten
Aieteko Lantxabe auzo elkarteak aspalditik eskatzen zuen auzoak bere anbulatorio propioa izateko, bizilagunak Amara Berrira edo Antiguara joan behar ez izateko. Orain, inoiz baino gertuago ikusten dute proiektua gauzatuta ikusteko aukera.
Iazko urriaren 1ean hasi zituzten Aieteko anbulatorioko lanak, eta eraikinak itxura hartu du dagoeneko, beraz, gero eta hurbilago dago anbulatorioko ateak irekitzeko eguna. Horretarako gogoz daude auzoko bizilagunak, aspalditik datorren eskaera bat baita Aieteko anbulatorioarena. Hala azaldu du Felix Perezek, Lantxabe auzo elkarteko kideak: “Auzoko ekipamenduen aldeko defentsan jaio zen Lantxabe auzo elkartea, eta hasi ginenetik nabarmendu genuen anbulatorioaren beharra. 2011n, Odon Elorzaren azken legealdiaren bukaeran, indar gehiago hartu zuen eskaerak”.
Izan ere, Aieten ekipamendu falta handia dagoela salatu izan du beti Lantxabek, eta anbulatorioarena da, euren ustez, auzoko gabezia handienetako bat. Hain justu, Perezek azaldu duenez, Aiete pasealekutik eskuinera bizi diren auzotarrek Antiguako anbulatoriora joan behar dute, eta pasealekutik ezkerrera bizi direnek, aldiz, Amara Berrikora. Horregatik, auzoak anbulatorio propioa behar duela azpimarratu du Perezek, eta koronabirusarekin gertatzen ari dena jarri du adibide gisa: “Ez dakigu zenbat koronabirus kasu dauden Aieten, auzoko kasuak Antiguan edo Amara Berrin zenbatzen direlako. Espero dugu ezetz, baina etorkizunean birusaren beste agerraldi bat egongo balitz, anbulatorioa egonda, sintomak dituztenek ez lukete beste auzo batera joan beharko”.
Perezen arabera, proiektua gauzatzeko lursail baten bila hasi ziren Juan Karlos Izagirreren legealdian, eta, azkenean, bi lursail eskaini zizkion udalak auzo elkarteari: kultur etxetik gertu zegoen bat eta gaur egun anbulatorioa eraikitzen ari direna. Perezek azaldu duenez, kultur etxe ondokoa alde batera utzi zuten, “ezkutatuta gelditzen zelako”. “Nik uste dut udalak lursail hori eskaini zigula ezetz esango genuelakoan, baina bai guk eta bai Osakidetzak baiezkoa eman genuen”, adierazi du auzo elkarteko kideak; gaineratu du Osakidetzako goi kargu batzuekin ere bildu zirela, anbulatorioaren diseinua ezagutzeko.
Horrela, 2015eko martxoaren 25ean Aieteko hainbat eragileren arteko bozketa bat egin zuten, eta gaur egungo lursaila erabiltzeko erabakia hartu zuten. Lursaila udalarena bazen ere, Perezen arabera, ez zeukaten erregistroan sartuta: “Amara Berri eta Antiguaren arteko errepidea eraikitzeko egindako desjabetze bateko soberakina zen lursail hori. Desjabetu zuten, baina ez zuten erregistratu, eta ondoko etxeetako jabeek uste zuten eurena zela. Bestalde, baiezkoa eman genuenetik, urtebete tardatu zuen udalak lursaila Eusko Jaurlaritzari ematen”.
Anbulatorioaren proiektuarekin eta hartzen ari den itxurarekin pozik agertu da Perez, haren esanetan, “ingeniaritzaren obra handi bat” baita, “700 metro karratuko lursail batean 3.212 metro karratuko eraikin bat sartu dutelako”. Era berean, lanak hasi zirenetik, langileek hainbat zailtasun izan dituztela azpimarratu du auzo elkartekoak: “Ur beltzen kanalizazioarekin arazoak izan dituzte, esaterako, eta, lur mugimenduekin hasi zirenean, goi tentsioko kableak aurkitu zituzten lursailaren erdian. Udalak ez zituen erregistratuta kable horiek, horrek dakarren arriskuarekin, eta Iberdrolak berak ere zailtasunak jarri zituen”.
Lanek hemezortzi hilabeteko epea zuten, beraz, martxorako edo apirilerako inauguratzea aurreikusten zuten. Perezen arabera, lanak “erritmo onean” zihoazen, baina alarma egoera ezarri zenez, dena atzeratu da: “Hamabost egunez geldirik egon ziren, eta orain lan egiten ari dira, baina mantsoago, segurtasun distantziak mantentzen ari direlako, jakina. Bestalde, lan batzuk gauzatzeko beharrezkoak diren materialak eta gremioak lortzeko ere zaitasun batzuk izaten ari dira”.
Anbulatorioaren nondik norakoak
Arquitectos Satie enpresaren esku daude anbulatorioko lanak, eta 4,3 milioi euroko inbertsioa egin du Eusko Jaurlaritzak. Era berean, Aieteko 16.000 bizilagunetatik, 12.500 ingururi eskainiko die zerbitzua anbulatorio berriak, Amara Berritik eta Antiguatik hurbilen bizi direnek auzo horietako zentroetara joaten jarraituko baitute. Sotoa eta beste sei solairu izango ditu anbulatorioak, eta honako ekipamendu hauek izango ditu: familia medikuntzako zazpi kontsulta, pediatriako bi kontsulta, erizaintzako zortzi kontsulta, sendaketa gela bat. eta odola ateratzeko gela bat eta proba osagarriak egiteko beste bat. Emakumeen Arretarako Eremua ere izango du Aieteko osasun zentroak, eremu horrek kontsulta bat, miaketa gela bat eta talde jardueretarako beste gela bat izango dituelarik.
Bestalde, osasun mentaleko bi unitate izango ditu anbulatorioak. Alde batetik, Errehabilitazio Psikiatrikoko unitate bat izango du, arreta intentsiborako beharra duten 18 urtetik gorako gipuzkoarrentzat. Gaur egun, Antiguako anbulatorioan eskaintzen dute zerbitzu hori. Aietekoak sei kontsulta eta talde tratamenduentzako hainbat gela izango ditu, baita psikiatra bat, buru osasuneko erizainak, gizarte langileak eta terapeuta okupazionalak ere. Beste unitatean, Arreta Goiztiarreko unitate bat egongo da, arazo psikiatrikoak eta hainbat behar berezi dituzten haurrentzat.