Bigarren aldiz kondenatu dute Kote Cabezudo, baina delitua preskribatutzat jo dute
Kote Cabezudo argazkilari donostiarrari bost hilabeteko kartzela zigorra eta 1.500 euroko isuna ezarri dio Donostiako epaitegiak behin-behinean, dokumentazio faltsua aurkeztu izanagatik. Cabezudok, ordea, ez du zigorrik jasoko, kondena ezartzearekin batera, delitua preskribatutzat jo baitu auzitegiak. Hori dela eta, biktimen abokatuak, Mario Diezek, sare sozialetan iragarri du helegitea jarriko duela.
Sententziaren arabera, gertakariak 2008an eta 2009an jazo ziren, Cabezudok emakumeari argazki batzuk egin zizkionean, modeloa adin txikikoa zenean. Horregatik, harekin sinatutako kontratuen datak moldatu zituen argazkilariak –2010 martxoak 11 eta abuztuak 20ko datak jarri zizkien, hurrenez hurren–, biktimak 18 urte baino gehiago zituela erakutsi nahian.
Argazkilariaren bigarren kondena da, bi urte eta hiru hilabeteko behin betiko kartzela zigorra ezarri baitzioten iazko otsailean, salaketa jarri zioen emakumeetako bati jazarpena egiten saiatzeagatik, sare sozialetan biluzik ageri zen argazki bat argitaratuz. Cabezudoren aurkako beste hiru akusazio daude epaiketaren zain, denak modeloen aurkako ustezko sexu gehiegikerien ingurukoak. 2018ko maiatzaren 4tik dago Martuteneko kartzelan, behin-behineko espetxealdian, eta beste bi urtez luzatu zuten espetxealdi hori duela bi aste.