EtxEKO Azoka egitasmoko baserritarrek 140 familia inguru hornitu dituzte azken sei asteetan
Martxoa bukaeran, elikagai ekologikoak ekoizten dituen Gipuzkoako baserritar talde batek EtxEKO Azoka egitasmoa jarri zuen abian, COVID-19ak eragindako konfinamendu garaian Donostiako etxeetara haien sasoiko produktu ekologikoen sortak eramateko zerbitzua, hain zuzen. Sei aste eta gero, baserritarrek balorazio positiboa egin dute, eta azaldu dute 220 banaketatik gora egin dituztela, hiriko 140 familia ingururen etxeetan.
Banaketak asteartetan eta ostiraletan egiten dituzte, etxeetako atarietan, eta 55 produktutik gora erosteko aukera izaten dute kontsumitzaileek: barazkiak, eztia, esnekiak, arrautzak, sagardoa, eta abar. “Udara hurbildu ahala, sasoiko barazki gehiago egongo dira eskuragai, eta aste honetan, Goierriko abeltzain ekologikoen haragi loteak ere gehitu ditugu eskaintzara”, kontatu dute.
“Hasierako berritasunak” eragindako hainbat zailtasun eta traba izan zituztela azaldu dute antolatzaileek, baina orain modu egokian funtzionatzen du proiektuak, eta familia gehiago hornitzeko prest daudela gaineratu dute: “Eskerrak eman nahi dizkiegu gugan konfiantza agertu duten familia guztiei”, adierazi du Arantza Eguzkizak, egitasmoko parte hartzaile eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren presidenteak.
Egitasmoaren sortzaileek azaldu dutenez, proiektuak Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren babesa du, eta kontseiluak garatutako online plataforma erabiltzen dute eskariak egin eta ekoizleen arteko administrazio eta fakturazio lanak bideratzeko. “Jatetxeak eta kontsumo taldeak hornitzeko sortuta geneukan lantaldea eta aplikazio informatikoa aprobetxatu ditugu eskaintza etxeetaraino helarazteko” esan du Eguzkizak. Erabiltzen duten plataforma jatetxeak hornitzeko jaio zen, baina “osasun krisiaren ondoren” kanal berri hori “esploratzen” jarraituko dutela baieztatu du Eguzkizak: “Bezeroarekin zuzeneko harremana mantentzea oso aberasgarria da”.
Egitasmoan parte hartzeko, Sareko.net webgunean erregistratu behar da, eta horretarako beharrezkoa den pasahitza eskuratzeko WhatsApp mezu bat bidali behar da 663 23 45 09 telefonora, edo sareko@eneek.eus helbide elektronikora. Mezu horretan, honako datu hauek idatzi beharko dira: izena, bidalketa helbidea, NAN zenbakia, telefonoa eta helbide elektronikoa.