Franco hiltzeko saiakera bat Kontxan
1948ko irailaren 12an, estropada igande batean, historia aldatzeko zorian egon zen. Arraunlariak uretan leihatzen ziren bitartean, zeruan hainbat kilo lehergailu zeuden, hegan. Erbesteratutako anarkista talde batek plan bat zuen: Franco diktadorea hiltzea.
Goiz eguzkitsua argitu zen 1948ko irailaren 12an, igandean. Badiako uretan, Kontxako Banderaren bigarren eguna ospatzen ari ziren, Hondarribia eta Pedreñaren arteko lehiarekin, eta gonbidatu berezi batzuk etorri ziren norgehiagoka ikustera. Horien artean, Francisco Franco diktadorea zegoen, udak Donostian igarotzea gustuko baitzuen.
Ikusmin handia sortu zuen bisita horrek, eta jendetza bildu zen Nautiko inguruan Donostiako agintaritzak egin zion harreran.
Franco eta bere emaztea, Carmen Polo, kanoa batean itsasoratu ziren, ministro eta agintari militarrek lagunduta, estropada ikusteko. Donostiako zeruan, ordea, hegazkin txiki bat agertu zen, Nord 1202/II Norecrin II bat. Ikusleek estropadaren ikuskizunaren parte zela pentsatu zuten, baina inondik inora ere.
Abioneta ez zen oso puntakoa –Bizikleta deitzen zioten–, baina, hala ere, bonba su eragilez eta zatikatze bonbaz bete zuten. “120 kilo inguru kargatu genituen; ez genuen gehiago bete ez zelako gehiago sartzen”, azaldu zuen handik urte askotara Antonio Ortiz talde anarkistako kideetako batek, Espainiako telebista publikoan egindako elkarrizketa batean.
Laureano Cerrada anarkista eta CNTko kidea izan zen atentatu saiakeraren burua. Hasieran, Pedro Mateuk pentsatu zuen atentatua, baina proiektua geldituta zegoen, eta Cerradak berrabiarazi zuen.
Primitivo Perez pilotuak gidatu zuen Bizikleta, 36ko gerran sobietarrek Madril defendatzeko bidalitako Mosca motako hegazkinak gidatutakoa baitzen. Akize udalerritik atera zen hegazkin txikia, eta handik gutxira Igeldo gainetik hegan ari zen. Kontxan agertu orduko, ordea, Espainiako bi ehiza hegazkin abionetaren bidera irten ziren.
Anarkistak iskin egiten saiatu ziren, baina ezin. Bonbak hala nola jaurtitzea pentsatu zuten baina argi zuten honako kontsigna: “Bonba bat ere ez arrantzaleen auzoetan, bonba guztiak ur gezako arrantzalearentzat”. Alde egitea lortu zuten azkenean, baina ezin izan zuten diktadorea hil.
Hurrengo eguneko egunkarietan ez zen horren berri eman. Hondarribiak bandera irabaztea lortu zuen, baina anarkistek ez zuten haien helburua lortu; Francorena izan zen garaipenik handiena. Soilik Donostian, Franco hiltzeko beste bi saiakera egon ziren –1962an eta 1970ean–, baina 27 urte beranduago hil zen, ohean.