Herriko taberna eta elkarteen aldeko mezuak biltzen ari dira Espainiako auzitegiaren neurrien harira
Herria tabernak eta Marruma elkarteak egitasmo berezi bat abiatu dute, Espainiako Auzitegi Nazionalak herriko tabernen aurka hartu dituen neurrien harira, herritarren artetik babes mezuak jasotzeko. Zer da zuretzat Herria? eta Zer da zuretzat Marruma? galderekin, taberna hauetan bizitakoak kontatzeko gonbita egin diote jendeari, bildutako kontaketekin gero mural bat osatzeko asmoz.
Espainiako Auzitegi Nazionala herriko tabernen aurkako sententzia bat gauzatzen hasi zen apirilean, zenbait elkarte eta tabernaren kontuak enbargatuz. Sententzia 2014koa da, eta auzitegiak ETAren egitura finantziatzea egotzi zien Euskal Herriko 103 herriko tabernari. Hortik urtebetera, kopuru hori 101era murriztu zuen Auzitegi Gorenak. Bada, taberna horietatik hiru Donostiakoak dira: Loiolako Hontza taberna, Parte Zaharreko Herria taberna eta Groseko Marruma elkartea.
Herria tabernak maiatzaren 9ra arte bere atean papertxoak itsastea proposatu dio jendeari, baina mezuak herriakultur@gmail.com helbidean edo 658608043 telefono zenbakian ere jasoko ditu. Marruma elkarteak, berriz, maiatzaren 10era bitarteko epea eskaini die egitasmoan parte hartu nahi dutenei, eta mezuak Marruma Kulturalak taldeko sare sozialetan eta marrumakulturalak@gmail.com helbidean jasoko ditu.