Lapiko jotzera deitu dute gaurko, Angelun izandako hilketa matxista salatzeko
Konfinamendu neurriak arintzen asi badira ere, oraindik ezin dira protesta jendetsuak egin kaleetan, eta, horregatik, mugimendu feministak balkoi eta leihoetara eramango du Angeluko (Lapurdi) emakume baten hilketaren salaketa. Hain zuzen, gaurko, 19:00etarako, deitu dute lapiko jotzea; era berean, sirena hotsak jartzeko deia ere zabaldu dute.
Hilketa matxista Angelun gertatu zen asteazken arratsaldean: emakume bat tiroz hil zuen bere senarrak, eta ondoren, bere buruaz beste egin zuen. Emakumeak 83 urte, zituen, eta gizonak 89. Frantziako Poliziak ikerketa bat abiatu du gertatutakoa argitzeko. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak erailketa matxistak salatzeko protokoloa jarri du martxan.
Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak eman zituen kasuaren inguruko lehenengo datuak, eta ikerketako lehen elementuen arabera, «nahita egindako homizidio bat eta suzidio bat» izan zirela adierazi zuen. Mugimendu feministak iritzi kritikoa erakutsi du haren esanekiko: “Prentsak dioenaren arabera, nahita egindako homizidio bat eta suzidio bat izan da. Erailketa matxista bat izan dela esaten dugu guk”.
2020an Euskal Herrian indarkeria matxistaz hildako laugarren emakumea da, eta bigarrena konfinamendu aldian. “Koronabirusaren pandemiak gure bizitza pertsonal, politiko eta mediatiko guztia menderatzen jarraitzen duen bitartean, emakumeon aurkako indarkeria matxistak tinko jarraitzen du, beste emakume baten bizitza bat aurretik eramanez. Egiturazko pandemia hau ez da desagertzen”, salatu du Euskal Herriko mugimendu feministak.
Protestatzeko hainbat modu
Mugimendu feministak gertakaria salatzeko deialdia zabaldu du, eta balkoi eta leihoetan sirena hotsak jarri eta lapiko jotzeak egiteaz gain, kalera irteterakoan protesta egiteko modu bat ere proposatu du. Hain zuzen, Hiltzen gaituzte eta Beste emakume bat eraila leloa idatzita daraman petoekin kalera ateratzeko deia luzatu dute. Horretarako, petoa egiteko argibideak jasotzen dituen bideo bat egin dute.
Halaber, protesta sareetara eraman nahi dute ere, eta #ErasorikEzErantzunikGabe eta #NosMatan traolekin argazkiak atera, eta horietara igotzeko eskatu dute.