"Segurtasun neurri guztiak hartu arren, jendeak beldurra izaten jarraitzen du"
Artzain Onaren katedralaren alboko Balu dendan saltzen ditu bere gozokiak Mari Carmen Morenok. Haurrek kalera ateratzeko baimena jaso zuten unean bueltatu zen lanera, desinfekziorako eta segurtasunerako material eta neurri guztiekin, baina bezeroek dendetara sartzeko duten beldurra desagertu arte denbora luzea pasako dela uste du.
Gozokiak saltzeko aukera izan duzu azken asteotan?
Konfinamenduan zehar denda itxita mantendu dut, umeei kalera ateratzera baimendu zieten arte. Aurretik denda irekitzeko aukera nuen arren, ez nuen egin, gozoki denda baten zerbitzua ez zaidalako ezinbestekoa iruditzen. Guk saltzen ditugun gauza asko supermerkatuetan erosi daitezke, eta gizarteak arriskuak gutxitu behar dituela pentsatzen dut.
Neurrian arindu egin diren honetan, nola ikusten duzu egoera bezeroekiko?
Jendeak beldurra duela nabaritzen dut. Nik segurtasun neurri guztiak hartzen ditut: bezeroei eskularruak eskaintzen dizkiet, banaka sartzen dira, denda behin eta berriz desinfektatzen dut lixibarekin… Eta, niri dagokidanez, maskara eta eskularruak jarrita daramatzat beti, eta plastikozko babeskia jarri dut mostradorean.
Baina diodana, segurtasun neurri guztiak hartu arren, jendeak beldurra izaten jarraitzen du.
Desinfekzio lanekin ondo moldatzen zarela dirudi.
Bai, baina produktuak lortzea ere zaila izaten ari da. Baina bueno, oraingoz moldatzen naiz. Atea, lurzorua, hozkailua, dena desinfektatzen dut. Eta bezeroei ordaintzen dutenean txanponak platertxo batean uzteko eskatzen diet, eta hori ere garbitu egiten dut.
Dena dela, desinfektatzeko ohitura aurretik datorkidan zerbait da. 2009an A gripea pasa nuen, dendan birusa hartu nuelako, eta medikuaren arabera, haurrek kutsatu zidaten. Gaixotasun hark arrastoa utzi zidan eta, geroztik, lanean desinfektatzaileak erabili izan ditut beti.
Konfinamendu aurreko egoerarekin alderatuta, salmentak asko jaitsi dira?
Kalean oso jende gutxi ibili da, eta hau asko jaitsi da, bai. Inguruko saltoki gehienak oraindik itxita daude, baina lehengo salmenta mailara bueltatzea denontzat konplikatua izango dela aurreikusten dut.
Etorkizun zaila iragartzen duzu, hortaz.
Zoritxarrez, hala da. Jendeak beldurra dauka, eta egoera honetan erostera ateratzea ez da lehen bezain erakargarria. Barneraino sartu diguten zerbait da. Telebistan, irratian… Birusa une oro daukagu buruan, eta zaila izango da hortik ateratzea.