"Teknologia berriek ezingo dute inoiz kontaktua ordezkatu"
Fisioterapeuta eta Gestalt terapeuta da Maria Vegas Fernandez (Girona, Herrialde Katalanak, 1985). Erdialdean du kontsulta, eta konfinamendu neurriak ezarri zirenean bezeroak tratatzeari utzi behar izan zion. Hiriko profesional askok bezala, aste honetan ekin dio berriro lanari.
Noiz eten zenuen zure jardun profesionala?
Azken saioa martxoaren 13an izan zuen. Une horretan ezer ez zen ziurra, baina arduragatik kontsulta ixtea erabaki nuen. Moduren batean, banekien kontua honek luze joko zuela.
Nola eragin dute COVID-19aren aurreko neurriek zure lanean?
Orokorrean, nire bezero guztiek ulertu zuten egoera inongo arazorik gabe. Hau guztia ziurgabetasun handiz bizi izan dut, jakin gabe ea etorkizunean lehengo lan kopuru berdina izango nuen. Hala ere, Ez diot uzten beldurrari mendean hartu nazan, eta saiatzen naiz orainarekin batean joaten.
Kontsultara itzuli zara aste honetan. Lehen bezala ari zara lan egiten?
Inola ere ez. Ezagutu behar dudan mundu berri bat zabaldu zait orain. Nire jarduna zehazteko protokoloak idatzi behar izan ditut, eta osasun neurriak bermatzeko egin beharrekoaren inguruan asko irakurri dut; gainera, babes ekipo indibidualak lortzea odisea bat izan da. Zalantzarik gabe lan handia izango dut bezeroak artatzeko modu berrietara ohitzen.
Nolako harremana izan duzu bezeroekin? Askok deitu dizute ordua eskatzeko?
Oraingoz, nire zerbitzuak ezagutzen dituzten pertsonak jarri dira nirekin kontaktuan, eta agenda betetzen hasi naiz arazorik gabe. Gorputza zaintzeko behar handia nabaritu dut. Ez dakit zein izango den oraingo egoeraren bilakaera, ez dakidalako zenbateraino sartu den beldurra jendearen gorputzetan. Goiz da oraindik ondorioak ateratzeko.
Aktibo jarraitu duzu egunotan: Instagramera bideoak igo dituzu, eta formatzeko aprobetxatu duzu, besteak beste. Ateren bat zabaldu dizu egoera honek?
Egia esateko, ez dakit honek ateak ireki dizkidan edo nolabaiteko eragina izan duen; nire asmoa beti izan da behar zuten pertsonen beharrak asebetetzea, distantziatik bada ere zainduak sentitzea. Pertsona asko jarri dira nirekin harremanetan aholku eske: bideo deiren bat egin dut, bideoak grabatu eta zabaldu ditut, besteak beste. Argi daukadan gauza bakarra hau da: sare sozialek eta teknologia berriek ezingo dute inoiz kontaktua ordezkatu.
Ofizioko kideekin hitz egiteko aukera izan duzu, krisiak nola eragin dien jakiteko?
Kataluniako kide fisioterapeutekin hitz egin dut, eta zalantza asko dituzte haiek ere. Gehienbat beldurra eragiten du lehen bezala lan egiteko zailtasunak izateak, kide asko lan prekarietatearen beldur da. Espero dugu egoera ahalik eta azkarren normalizatzea, eta gutxika-gutxika bizitzara eta askatasunera itzuli ahal izatea.