Terrazak handitzeko baimena emango du udalak
Konfinamendua arintzeko neurri berrien aurrean –hilaren 11tik aurrera, terrazak irekitzeko baimena emango du Espainiako Gobernuak, edukiera %50 murriztuz–, Donostiako ostalaritza establezimenduen terrazak handitzeko eskatu dute azken asteotan hainbat ostalarik, eta udalak horretarako baimena emateko erabakia hartu du, “merkataritza eta ostalaritza berpizteko helburuarekin”, hain zuzen, “tokiko ekonomian pisu handia duten sektoreak” direlako. Udalak azaldu duenez, “segurtasuna eta oinezkoekiko bizikidetza” bermatzen direnean baino ez dituzte emango baimenak, eta “aldi baterako” neurria dela nabarmendu dute, baita konfinamendua arintzeko faseek ezarritako mugak kentzen direnean bertan behera geldituko dela ere.
Udalaren arabera, ez dute hiriko terraza guztiak handitzeko baimena emango, handitzeak “egingarriagoak” izango baitira plaza irekietan eta espaloi zabaletako guneetan. Horrela, azpimarratu dute Parte Zaharreko establezimenduetan ez dutela halako baimenik emango, Zuloaga plazan izan ezik. Neurri hori hartu ahal izateko, Donostiako terrazen araudiko lau pasarte bertan behera utziko dituzte (8. artikuluko 3. puntua, 11. artikuluko 2. puntua, 12. artikuluko 1.f. puntua eta 14. artikuluko 1. puntua). Beraz, ohikoa ez den leku batean jarri ahal izango dituzte terrazak, beti ere, segurtasuna bermatzen bada.
Bestalde, saltokiek ere euren erakustokiak eta antzeko instalazioak handitu ahal izango dituzte kalearen zati bat bereganatuz, “baldin eta espaloia gehiegi inbaditzen ez badute eta hiriko eguneroko bizitza oztopatzen ez badute, eta Jabari eta Erabilera Publikoko eremuetako okupazioak arautzen dituen ordenantzarekin bat etorriz”.
Udala astelehenean, hilaren 11n, hasiko da terrazak handitzeko edo erakustokiak jartzeko baimenak ematen. Donostiako Udalaren webgunean atal espezifiko bat jarriko dute baimen horiek eskatzeko, eta aipatu baldintzak betetzen dituzten establezimenduek udalaren oniritzia jasoko dute.
Kontrako ahotsak
Aste honetan, neurria iragarri baino egun batzuk lehenago, ostalaritza, merkataritza eta turismo sektoreetako ordezkariekin bildu zen udal gobernua, arlo horietan hartuko zituzten neurriak aurkezteko. Era berean, Bizilagunekin plataformak, Bera Berako komunitateen elkargoak, eta Egia Bizirik, Hondarpe (Gros), Izbe (Intxaurrondo), Parte Zaharrean Bizi, Lantxabe (Aiete), Harripe (Herrera-Altza), Amara Berri eta Uliako auzo elkarteek komunikatu bat plazaratu zuten, ostalaritzaren araudia ez malgutzeko eta terrazak ez handitzeko eskatuz, neurri hori bizilagunen kalterako izango zelakoan. Eneko Goia alkateak, ordea, idatzi hori “berekoia” zela adierazi zuen Euskadi Irratiko Faktoria saioan.