"Telefono dei ugari jasotzen ditugu, 50-60 bat egunean, kontsultak egin edo hitzorduak eskatzeko"
Antonio Rodriguez eta Ander San Sebastian osaba eta iloba dira, baita Amara Bike bizikleta dendako arduradunak ere. Saltokia ireki zutenetik, lanez gainezka daude eta ordutegia ere egokitu behar izan dute bezeroen eskaerak artatzeko.
Noiz ireki duzue denda?
Astelehenean. Hasiera batean, pertsiana jaitsita egiten genuen lan, hitzordu bitartez. Baina tamaina aldetik irekitzeko neurriak betetzen genituela ziurtatu genuenean —400m2 baino gutxiago izatea—, pertsiana jaso genuen, betiere hitzordu bitartezko arreta mantenduz.
Bizikletak konpontzera edo erostera dator jendea?
Bai bata bai bestea, eta gainera bizikleta salmenta zein konponketa kopurua igo egin da. Bi hilabetez etxean egon ondoren diru gutxi gastatu duenez, uste dut jende askok bizikletak erosteko aukera aproposa ikusten duela orain. Egia da guk saltzen ditugun bizikletak ez direla oso garestiak eta hirikoak direla. Baina jende dezente etorri da erostera. Bestalde, konponketa eskaera ugari jaso ditugu. Gehien bat hiriko bizikletak ekartzen dituzte, baina denetarik jaso dugu.
Gutxi gora behera zenbat bizikleta ari zarete saltzen egunean?
Bataz beste, hiru bat.
Eta konpontzen?
Hamar-hamabost bat. Hemen ondoan biltegi handi bat duen ezagun bat dugu, eta hainbat bizikleta han sartu behar izan ditugu, ez baikenuen denbora egunero jasotzen genituenak erreparatzeko ezta tokirik hemen denak biltzeko. Gainera, jarduera bat-batean eten behar izan genuen martxoan eta konponketa ugari zintzilik geratu zitzaizkigun. Ondorioz, zintzilik geratutako konponketak eta iristen zaizkigun berriak egiten ari gara orain. Bestalde, bisitez gain, telefono dei ugari ere jasotzen ditugu, 50-60 bat egunean, kontsultak egin edo hitzorduak eskatzeko.
Nola kudeatzen dituzue hitzorduak?
Deitzean, beharra galdetuta, zenbat denbora behar daitekeen ikusten dugu. Esaterako, zulatutako gurpila bost-hamar minututan konpondu dezakegunez, konponketa hitzorduko orduan bertan egiten dugu, beste bizikleta bat ez pilatzeko. Baina beste motatako konponketa bat kudeatu edo salmenta bada, desberdina da. Edozein kasutan, hitzordua duen bezeroak iristean kanpoan itxaroten du txanda. Osabak edo nik, libre gaudenean, kasu egiten diogu. Soilik beharrezkoa bada —bizikleta erosteko edo ordaintzeko, esaterako — sartzen da dendan. Betiere, banan-banan. Eta bizikleta eman aurretik, eskulekua, aulkia eta abar desinfektatzeko produktu batekin garbitzen ditugu.
Ohiko ordutegia ere egokitu duzue?
Bai. Normalean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara irekitzen dugu. Orain, aldiz, 9:00etatik 21:00etara dugu irekita, nahiz eta lehenago etortzen garen konponketekin hasteko. Besteak beste, itxialdian kirola egitera ateratzeko ordutegi desberdinak daudelako egokitu dugu. Gainera, jendearen tokian jartzen gara eta badakigu datozen asteetan bizikleta erabili nahiko dutela. Horregatik ordu mordoa sartzen saiatzen ari gara bezeroek ondoren euren bizikletez gozatu ahal izateko.
Eta asteburuak?
Gaur, goizez eta arratsaldez irekiko dugu. Bihar, denda itxita izango dugu, baina lan egingo dugu guk, konponketak aurrera atera behar ditugulako, lana ez dadin pilatu.
Astelehenetik aurrera ez dira hitzorduak beharko. Mantendu egingo dituzue?
Bai. Jende asko da bestela.
Lanari dagokionez, nola aurreikusten dituzue datozen asteak?
Datorren astean zehar ere jende pila izango dugula, aste honetan bezala, eta ondoren egoera baretuko dela, nahiz eta udan eskaerek gora egin ohi duten. Nolabait ulertzeko, dena kolpean etorri zaigu, batera.