Donostia lehenengo fasean sartu aurretik
Astebete igaro da kirola egitera eta paseatzera ateratzeko baimena eman zutenetik eta astelehenetik aurrera, fase berri batean sartzen da hiria.
Eusko Jaurlaritzak eguerdian iragarri duenez, oraindik ezingo da udalerriz aldatu, lanera edo ikastetxera joateko ez bada, kirola egiteko ordutegiak mantenduko dira eta kultura jarduerarik ez da izango. Aldiz, 400m2 baino gutxiago dituzten dendek euren ateak irekiko dituzte, betiere segurtasun neurriak mantenduz, eta ez da beharrezkoa izango hitzordua eskatzea. Tabernek ere terrazak irekiko dituzte, nahiz eta ez bere osotasunean. Era berean, gune itxietan gehienez hamar pertsonako taldeak biltzeko aukera izango dute. Eta maiatzaren 18tik aurrera, bigarren batxilergoko eta goi mailako lanbide heziketa zikloetako ikasleak eskoletara itzuliko dira.
Beraz, astelehenetik aurrera hiriko irudia aldatu egingo da berriro, paseatzera ateratzen diren 70 urtetik gorakoek tabernetako terrazetan zerbait hartzen ari diren gazte eta helduekin topatuko baitira. Gaur Ondarretatik, Kontxatik, Parte Zaharretik, Amara Berritik, Morlansetik eta Loiolako Erribera ingurutik aritu da IRUTXULOKO HITZA argazkiak ateratzen. Hona hemen emaitza.