Urubiek Uliako habia-kutxetan kumeak izan dituzte
Parkea Bizirik Kukulunbera naturzale elkarteak jakinarazi du Uliako habia-kutxetan kumeak izan dituztela urubiek. Ez da ohiko irudia, hegazti hauek ez dutelako urtero lortzen kumeak izatea. Askotariko arrazoiak daude horretarako: alde batetik, errunaldi gutxi dituzte; bestetik, ez dira oso trebeak eta, zenbaitetan, arrautzak zapaldu eta hautsi egiten dituzte nahigabe. Janari faltak izanez gero, kumeak kanibalismoa praktikatzen dute euren artean. Bestela, sagu eta arratoiez elikatzen dira.
Hogeita hamar urte daramatza Parkeak Bizirik elkarteak bere jarduerarekin, besteak beste, habia-kutxak eraiki eta zintzilikatzen, baita horietan jasotako informazioa behatu eta biltzen ere. Elkartearen datuen arabera, 30 habia-kutxa jarri dituzte, eta 7200 ikuskapen lortu. 2020ko udaberriko datuak kontuan izan gabe, horietatik 2307 hegazti hegaldatu dira parkeetatik kanpo, mundura.