COVID-19ak Saharako kanpamenduetan eragindako ondorioak arintzeko diru bilketa hasi dute
COVID-19 birusaren eraginak munduko ia txoko guztietara heltzen ari dira, eta Saharako kanpamenduetan ere ari dira pairatzen birusaren hedapena saihesteko hartutako neurrien ondorioak. Donostiako Saharako Lagunen elkarteak azaldu duenez, ondorio horiek arintzeko, diru bilketa kanpaina bat jarri dute abian. “Saharan bizitzen ari diren egoera larria da, eta bildutako dirua Ilargierdi Gorriari helaraziko diogu, eta beraiek, elikagaiak erosi eta behar gehien duten familien artean banatuko dute”, jakinarazi du Maite Berzosak, elkarteko idazkariak.
Hortaz, Euskal Herriko Sahararen aldeko elkarteetatik dei egin diete laguntza eman nahi edo ahal duten herritar guztiei, maiatza eta ekainaren bitartean ekarpen ekonomikoa egitera. Horretarako, Jaima elkartearen kontu korrontean sartu beharko dute dirua (ES 7530 3500 8094 0800 048015); gaian pandemia izenburua jarri beharko da.
Saharako Ilargierdi Gorriak azaldutakoaren arabera, Saharako agintariak “garaiz” hasi ziren koronabirusaren pandemiaren prebentziorako neurriak hartzen, eta Plan Integral bat jarri zuten martxan. Besteak beste, gertuko herrialdeekin dituzten mugak itxi zituzten, wilayen arteko mugimenduak geldiarazi zituzten, haimetan geratzeko agindua eman zuten, bilerak eta pertsonen arteko bilkurak debekatu zituzten eskolak itxi zituzten, eta “ahalik eta langile gutxienekin” eguneroko bizitzarako “beharrezkoak” diren zerbitzuak bermatzeko langile kopurua murriztu zuten.
“Plana eta herritarren erantzun baikorra oso garrantzizkoak izan dira; izan ere, oraingoz, ez dago pandemia arriskutsu honek kutsatutako kasurik”, jakinarazi dute. Hala ere, mugen itxierak kanpoko laguntzaren iritsiera eta merkataritza eta ekonomia jarduerak mugatu ditu. Hori dela eta, kanpamenduetako herritarren osasunean ondorioak nabaritzen hasi dira: “Haurdun dauden eta bular emaile diren emakumeen artean, anemia tasa % 73 baino altuagoa da; 5 urtetik beherako umeen desnutrizioa % 25era iritsi da, eta diabetesa eta tentsio arazoak dauzkaten pertsona helduen kopuruak ere gora egin du”, esan dute.
Era berean, koronabirusa prebenitzeko herri horrek duen “premiazko beharra” bost milioi eurora iristen dela jakinarazi dute: %18 urarentzat, % 37 osasun beharretarako eta % 45 elikadurarako.