Easo kaleko zati bat itxiko dute uztailera arte, Metroaren igogailu bat egiteko
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, gaur egingo dute Arrasate eta San Martin kaleen arteko Easo kalearen mozketa, eta uztailean irekiko dute berriro. Hain zuzen, Metroaren Erdialdea-Kontxa geltokia bide publikoarekin elkartuko duen igogailua eraikitzeko hartuko dute neurri hori, eta mozketak errepideko zirkulazioaren etetea eragingo du.
Obra horrek bi fase izango ditu, eta gaur hasiko da lehenengoa. Lehenengo ingurua prestatuko dute: galtzada hesiz itxiko dute, obrako materialak metatzeko gunea oinezkoen joan etorrietarako aukera emango duten espaloietatik bereizteko. Ondoren pilotedun pantaila egingo dute, makineria astunarekin. Horrek, ondoren, igogailuak hartuko duen hutsunearen hondeaketa lanak egiteko aukera emango du.
Udalak aurreikusitakoaren arabera, bigarren fasea 2021eko lehen hiruhilekoan hasiko dute, Erdialdea-Kontxa geltokia izango denaren geltokiaren zuloa hondeatu eta gero. Horrek, bi hilabete inguru iraungo ditu, eta urbanizazio lanak eta “azken ukituak” egingo dituzte. “Bigarren epealdi horretan, errepideko zirkulazioa une oro egongo da zabalik”, adierazi du udalak.
Nabarmendu dute bi faseetan egongo dela bermaturik oinezkoen igarotzea etxebizitzetara eta establezimenduetara. Era berean, aurreratu dute Erdialdia-Kontxa geltokia izango denera heltzeko igogailuaren beste eraikuntza fase bat izango dela aurrerago, hain zuzen, Xabier Zubiri plazakoa eta Loiola kalekoa. Horretarako, beste bi kanoi egin beharko dituzte.