"Egunkarien zein aldizkarien salmenta %15 hazi da gutxi gora behera konfinamendu garaian"
Ane Intsausti Etxadiko 'Ane liburudendako' jabe eta arduraduna da. Egunkariez eta aldizkariez gain, eskulanak egiteko materiala, liburuak eta beste hainbat gauza saltzen ditu. Konfinamendu garaian, bizilagun askok jo dute dendara denbora-pasa bila.
Nola joan da prentsa salmenta konfinamenduan?
Azken urteetan izandako beherakadaren ondoren, gora egin du, nabarmen gainera. %15a hazi da gutxi gora behera egunkarien zein aldizkarien salmenta konfinamendu garaian. Hala ere, jendea berriro ateratzen hasi denetik, baretu egin da.
Prentsaz gain, haurrentzako puzzle eta eskulanak egiteko material asko —koloretako kartoia edo margoak, esaterako— saltzen aritu naiz, nahiz eta haurrak ateratzen hasi zirenetik, horrek ere behera egin duen. Eta eskolako materiala ere erosi dute familiek, baina erosteko moduan aldaketak nabari dira: esaterako, normalean, ikasgai bakoitzeko koaderno bat eramaten badute, oraingoan koaderno bakar bat erosten dute, lodiagoa, ikasgai guztietarako. Azken batean, lan asko ordenagailuz egiten ari dira.
Prentsari dagokionez, zer agortu ohi da?
Batik bat, txutxu-mutxu eta denbora-pasa aldizkariak, esango nuke. Aste santu bitartean, egunkariak ere, informazio bila baitzegoen jendea. Bi-hiru aldizkari erosten zituzten askok. Baina uste dut informazioaz gainezka sentitu direla asko. Hori dela eta, salmenta baretu egin zen ondoren, eta egunkari bat baino gehiago erosten zutenek, bat bakarrik erosten hasi ziren.
Aste tartean eta astean zehar desberdintasuna nabaritu duzu?
Bai, beti bezala.
Nola eraman duzu egoera honetan lan egitea?
Ondo. Ez naiz batere beldurtia, eta horrek lagundu dit. Beharrezkoak diren neurri guztiak hartu ditut, eta garbitasun eta segurtasun protokoloak jarraitu ditut.
Hemendik aurrera, salmenta egonkortu ala behera egingo duela uste duzu?
Uste dut oraindik gehiago jaitsiko dela, jendea lanean hasi eta normaltasuna itzuli heinean. Hala ere, erosketak egiteko modua aldatuko dela uste dut. Joan den egunean, eskolako materiala ekartzen didan hornitzaileak deitu ninduen. Normalean, ikasturte hasierarako ekartzen dugun materiala udan eskatzen dugu. Baina irailetik aurrera eskolekin zer gertatuko den oraindik ez dakigu ondo, alegia, haur eta gazteak zein egoeratan itzuliko diren. Eta horrek ere eskolako materiala erosteko moduan eragiten du. Bolalumak berdin-berdin salduko dira, baina, lehen esan bezala, koadernoak ez.
Azkenik, ordutegia murriztu zenuen eta goizean ireki duzu bi hilabetez. Ohiko ordutegira itzultzea aurreikusten duzu?
Bai, aste honetan ez bada, hurrengoan jada arratsaldez ere irekiko dut. Itxita egon diren negozio, saltoki eta taberna askok ireki dute berriro eta, beraz, zentzua du. Egia da, esaterako, ile apaindegiko langileek bezeroentzat erosten zituzten txutxu-mutxu aldizkariak orain ez ditudala salduko. Baina lehen ile apaindegiko bezero batek han irakurtzen bazuen, itxialdian etxerako erosi du aldizkaria eta ohitu egin denez, orain ere erosten jarraitzen du.