Erizainen rol garrantzitsua azpimarratu dute Gipuzkoako Elkargotik Nazioarteko Erizainen Eguna dela eta
Bihar, maiatzak 12, Nazioarteko Erizainen Eguna da. Ospakizuna aprobetxatuz, Gipuzkoako Erizainen Elkargotik “erizainek mundu osoko osasunaren alde egindako funtsezko ekarpena” azpimarratu nahi izan dute, baita “pandemiak berretsi egin duela erizaina zaintzen ardatz nagusia dela”. Horretarako, eskatu dute unibertsitateetan plaza kopurua handitu dadin, “profesionalen harrobia” sustatzeko. Dena den, salatu dute “deskonfinamendua planifikatzeko batzordeetan ere ez dugu parte hartzen, nahiz eta zaintzen plan egoki baterako beharrezkoak diren estrategiak ikertzeko, irakasteko, planifikatzeko eta kudeatzeko prestatuta egon”.
Eguna ospatzeko, Gipuzkoako erizainei omenaldia egingo die Donostiako Udalak udaletxea urdinez argizatuz eta Kursaalean mezu bat jarriz. Gipuzkoako Erizain Elkargoaren datuen arabera, 5.295 erizain daude lurralde historikoan. %93a emakumeak dira eta batez beste 43 urte dituzte.
Ospakizuna Florence Nightingale erizaintza modernoaren aintzindariaren jaiotzaren berrehungarren urteurrenarekin batera egingo da. Matematika eta estatistika zale porrokatua zen Nightingale eta erizaintzak aurrera egiteko rol garrantzitsua jokatu zuela adierazi dute Elkargotik.Besteak beste, protokoloak bultzatu zituen osasun eta higiene baldintzak bermatzeko.