Erraustegitik gertu hilda agerturiko ehunka arrainek kezka sortu dute
Zero Zabor plataformak larunbatean Argia-n argitaraturiko albisteak azaleratu zuen fenomenoa: Zubietako erraustegiaren albotik igaro den errekako arrainak hiltzen ari dira. Aingirak, ezkailuak eta bestelakoak bizirik gabe agertu dira asteburuan Arkaitzerrekan eta Lizardi errekan, egunotan hortik pasa diren herritarren sorpresarako.
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren arabera, hildako arrainak ehunka zenbatzen dira, erreka “hilda” dagoelako, eta bere kideek Zubietako azpiegitura seinalatu dute gaitz honen eragile gisa. Plataformaren ustetan, erraustegitik errekara eginiko isurketa toxikoetan egon daiteke gertakari honen arrazoia, eta azalpenak eskatu dizkie Markel Olano ahaldun nagusiari eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari.
Arkaitzerreka eta Lizardi erreka erraustegiaren albo bakoitzetik igarotzen dira, eta biak elkartu egiten dira Oria ibaira isuri aurretik. Berria egunkariak jakinarazi duenez, Uraren Euskal Agentziak gaia argitzeko ikerketa bat abiatu du, eta bere teknikariek hainbat lagin hartu dituzte asteburuan errekatik eta errauste plantatik, bertan isurketa toxikorik egin den jakieko.
Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak, bere partetik, errekara isurketarik egin ez duela adierazi du, erraustegian erabiltzen den ura zirkuitu itxi batean mantentzen dela argudiatuz. Dena dela, errauste plantak bere lurzoruan pilaturiko euri ura errekara isurtzeko baimena dauka, beti ere ur hori aurretik behar den moduan tratatua izan bada.