"Txomiñeneko garajeetan ez da euri ura sartu, ur beltzak baizik"
Txomiñeneko Aintzieta pasealekuko eta etxebizitza berrietako garaje eta trasteleku batzuetan uholdeak izan dira asteburuan, izandako ekaitzen ondoren. Igor Martin Aintzieta pasealekuko 22. zenbakiko bizilaguna da kaltetuetako bat, eta haren arabera, "Txomiñeneko garajeetan ez da euri ura sartu, ur beltzak baizik".
Izan ere, azaldu duenez, arazoa lehendik dator: “Aintzieta pasealekuko 22. zenbakiko ur beltzen kolektore bat hautsi zenean, ur horiek beste hodi batera bideratu beharrean, hutsik dagoen eremu batera eraman zituzten ponpa baten bitartez; Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzak egingo dituen eremura, hain zuen. Hor, Añarberen ur beltzen beste kutxatila bat zegoen, nahiko egoera txarrean, eta hara eraman zituzten ur beltzak, ur beltzen jacuzzi bat sortuz eta usain ikaragarri txarra botaz”.
Asteburuko euriteen ondorioz, “ur beltzen jacuzzi” horrek gainezka egin zuela azaldu du Martinek, ura garajeetaraino helduz, eta irregulartasunak salatu ditu: “Udalaren aldi baterako enpresen elkargoaren eta Amenabarren eginkizunen utzikeria bat gertatu da hemen”.
Gainera, Martinek etxez aldatu behar zuen alarma egoera ezarri zutenean eta, beraz, bere emaztearekin batera, gurasoen etxean bizitzen ari da momentuz –Aintzietako 22. zenbakian–, mudantzako traste guztiak gurasoen garajean gordez: “Koltxoiak, aulkiak, alfonbrak, arropa, oheak, sofa bat, mahai bat, besaulki elektroniko bat eta gure oroitzapen guztiak genituen hor, besteak beste.
Bestalde, Donostiako polizia, suhiltzaile eta anbulantzia ibilgailu historikoen figura txikien bilduma egiten dut, eta figura bakoitzak dirutza balio du; hori ere hor neukan. Beraz, nik kalkulatzen dut 10.000 euroko galera izan dugula, ur beltzak direnez, ezin baita ezer berreskuratu”.
Martinek azaldu du garajeetako aseguruak ez dizkiela garaje barruan gertatutako kalteak estaltzen, beraz, dena katalogatzen ari direla adierazi du, ondoren salaketa jartzeko. Era berean, kontatu du aldi baterako enpresen elkargoko ordezkari bat garajeetara joan zela igandean, eta esan ziela arazoa ur beltzen araztegiarena zela: “Niri berdin dit arazoa zeinena den, nik salaketa jarriko dut eta moldatu daitezela”.
Horretaz gain, Martinek gogoratu du joan den ostiralean lanetako udal teknikariari deitu ziotela, ur beltzen kutxatilak bereziki gaizki usaitzen zuelako, eta kontuan izanda astebururako zeuden iragarpen meteorologikoak, baina udalak ez zuen neurririk hartu. “Gero esango dute kexati batzuk garela, baina denborak arrazoia eman digu orain arte”, gaineratu du Txomiñenekoak.
Osasun arriskuak
Kalte materialez gain, Txomiñeneko uholdeek osasun kalteak ere sor ditzaketela nabarmendu du Martinek: “COVID-19aren arrastoak topatu izan dituzte gizaki gorozkietan, beraz, kezkatuta gaude, balitekeelako ur beltz horietan birusa egotea”. Bizilagunak azaldu duenez, esan diete ur beltzen araztegitik birusik gabe ateratzen dela ura, baina, badaezpada ere, berak lagin bat hartu du: “Suhiltzaileak eta gu babesik gabe sartu ginen garajeetan ura ateratzeko, beraz, kezkatuta gaude. Horregatik, lagin bat hartu nuen, eta Galiziako laborategi batera bidaltzeko asmoa daukat, birusa duen ikusteko, eta hala bada salaketa jartzeko”.