Uholdeak izan dira Txomiñeneko garaje eta trasteleku batzuetan
Asteburuko euriteen ondoren, uholdeak izan dira Txomiñeneko hainbat etxebizitzetako garaje eta trastelekuetan. Lanberri auzo elkarteak azaldu duenez, Antzieta pasealekuko etxebizitza batzuetan eta eraikin berrietan sartu dela ura.
Auzo elkarteak nabarmendu du 2018ko urtarriletik salatu dituztela etxebizitza berrietako lanetako hainbat arazo, eta udal gobernuak badakiela zein den egoera. Aurtengo urtarrilean, esaterako, lanetan segurtasun eta kontrol gehiago izateko eskatu zioten udalari. EH Bilduk proposamena aurkeztu zuen, baina EAJk eta PSE-EEk aurkako botoa eman zuten, eta Nekane Arzallus hirigintza zinegotziak adierazi zuen kontrolak egiten ari zirela lanetan.
Auzo elkarteak azaldu du martxoaren 11n udalarekin bilera bat egin behar zutela lanen egoeraren inguruan hitz egiteko, baina pandemia heldu zenez, atzeratu egin zuten. Oraingoan, Lanberrikoak harremanetan jarri dira berriz udaleko partaidetza sailarekin, uholdeen eta lanen egoeraren inguruan azalpenak eskatuz.