Arte Ederren eraikinaren sententziarekin "lasaitu handia" hartu du Goiak
Arte Ederren eraikinaren auzian, EAEko Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Donostiako Udalari SADE enpresaren aurka, honek hiriari eskatzen zion kalteordaina gaitzetsiz. Hain zuzen, SADEk ia 14 milioi euro erreklamatzen zituen, Arte Ederren eraikinaren erakigarritasuna eta erabilera era bidegabean murriztu zitzaizkiola argudiatuz.
Epaileak enpresaren eskaria atzera bota izana positibotzat jo du alkateak, eta “lasaitu handia” hartu duela adierazi du, udalak arrazoia zuela egiaztatu ahal izan delako eta “milioi askoko” kalteordaina saihestu delako.
Etorkizunari dagokionez, Goiak esan du udalak orain arteko jarrera berdina mantenduko duela, “eraikinaren kontserbatzioaren eta erabileraren bateragarritasuna” aldarrikatuz, bide horretan SADErekin aurrera egiteko prest dagoela azpimarratuz: “Hori izan da gure eskaintza orain arte, eta hala izaten jarraituko du etorkizunean ere. Ikusiko dugu ea norabide horretan lan egin dezakegun, eta ea sententzia honek horretan laguntzen duen”.