Asgarth taldeak 'Heriotzaren aurpegia' kantaren bertsio bat eskaini die zaleei
Hogei urte dira Añorgako Asgarth taldeak Heriotzaren aurpegia abestia aukeztu zuenetik. Boskotearen Etorkizunaren Sustraia bigarren diskoko kanta da. Orain, konfinamenduan, piezaren soinua eguneratu dute, eta zaleei eskaini diete opari moduan.
“Gogoa genuen duela bi hamarkada konposatu eta grabaturiko kanta berezi hau berreskuratzeko, abestia lehenengoz jaio zeneko une horiek beste behin ere bizitzeko. Ederra izan da doinuei bizi berri bat ematea”, azaldu dute kideek. Bakoitzak bere etxetik grabatutakoarekin aurkeztu behar izan dute bertsio eguneratua.
Alerta egoera dela eta, Asgarthek ezin izan du agertokietara itzuli. Maiatzaren 9an egin behar zuen itzulera kontzertua, Añorgako zine zaharrean, duela 13 urte agur esan zuten toki berean, baina COVID-19-aren birusak planak aldarazi dizkie. Egoerak hobera egitean iragarriko du itzulerako hitzordu berria.