Koronabirusak kutsatutakoen kopurua bere hartan mantendu da azken bi egunetan Donostian
Osakidetzak emandako azken datuen arabera, kutsatutako donostiarrak 746 dira, duela bi egun erregistratutako kopuru bera, hain zuzen. Bestalde, Gipuzkoan kasu berri bat zenbatu dute, PCR probaren bidez detektatuta.
Osakidetzak eman dituen azken datuen arabera, igandetik astelehenera bitartean ez da COVID-19ak kutsatutako kasu berririk detektatu Donostian. Osakidetzaren datuak, atzo, 20:00ak arte bildutakoak dira, beraz, izan liteke azken orduetan datu horiek aldatu izana.
Atzo, maiatzaren 11n, kutsatutako donostiarrak 746 ziren, maiatzaren 10ean bezala. Donostia Ospitalean ere oso antzeko mantendu da COVID-19a dela eta ospitaleratuta dauden pertsonen kopurua: atzo 42 ziren ospitaleratutakoak, eta igandean, berriz 41. Azken datuen arabera, 34 pertsona daude solairuetan, eta zortzi pertsona ZIUn. Era berean, ez du inork alta jaso azken egunean. Matia Fundazioaren Bermingham zentroan lau pertsona daude COVID-19arekin, igandean bat baino gutxiago; izan ere, pertsona bati alta eman diote.
Erkidegoko osasun eremuen araberako zerrendatzea ikusita, hala banatu dira kutsatzeak Donostiako osasun eremuetan:
- Altza-Roteta: 146
- Ondarreta: 139
- Amara Berri: 100
- Gros: 87
- Egia: 66
- Amara-Erdialdea: 48
- Parte Zaharra: 45
- Intxaurrondo: 34
- Loiola: 23
- Bidebieta: 22
Osasun eremuaren araberako positiboak 08:00etako analisietako datuetatik datozela jakinarazi du Osakidetzak. Horregatik, guztizkoak ez datoz bat arratsaldeko 20:00etako analisien emaitzekin. “Baliteke, gainera, egunez egun desadostasun txikiak egotea. Informazioa etengabe berrikusten eta arazten ari da eta. Baliteke, gardentasunaren mesedetan, akats puntualen bat egotea, gerora zuzenduko dena”, jakinarazi dute.
Hain zuzen, Donostiako datu orokorrek erakusten dute igandetik astelehenera ez dela kutsatutako kasu berririk izan. Aldiz, Loiolako osasun eremuan kasu positibo bat gehiago zenbatu dute.
Gipuzkoako kasuak
Gipuzkoan kasu berri bakar bat zenbatu dute, PCR probaren bidez detektatuta. Era berean, koronabirusarekin hildako pertsona bat erregistratu zuten astelehenean, eta orotara, 278 dira lurraldean hildakoak, pandemia hasi zenetik. Ospitaleratutako gipuzkoarren kopurua igandeko bera da: 74 pertsona.
Halaber, kasu kopuru handienetik txikienera ordenatuta, Gasteiz da positibo gehien dituen EAEko udalerria 3.880 kasurekin. Ondoren, Bilbo, 3.445 kasurekin, hirugarren, Barakaldo, 967 kasurekin, eta laugarren, Donostia, 746 kasurekin.