Koronabirusaren harira Donostiako Udalak egindako kudeaketa azaldu du Eneko Goiak
Eneko Goia Donostiako alkateak Udalbatzako Batzordeen bilkuran agerraldi telematikoa egin zuen atzo, COVID-19ak eragindako egoeran udalak egindako lana azaltzeko.
Denboran atzera egin zuen Goiak, eta azaldu zuen martxoko lehen astean hasi zirela pandemiaren inguruko kudeaketa egiten. “Oraindik gertatutakoa sinesgaitza zirudienean”, udaleko Koordinatzaile Nagusiari lantalde bat osatzeko eskatu ziola kontatu du, “etor zitekeenari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzeko”. Orduan erabaki zuten, besteak beste, udalaren zerbitzuak bi kategoriatan banatzea: funtsezkoak eta ez funtsezkoak.
Ondoren, martxoaren 13an, herritarrei eskaintzen zitzaizkien zerbitzuak ixten joatea erabaki zuen udalak, eta udala bera “etor zitekeenari aurre egiteko prestatzea”. Goiaren arabera, alarma egoeran udala Espainiako Gobernuak “inposatutako” neurriak betetzen saiatu da.
Errepaso kronologikoarekin jarraituz, martxoaren bigarren hamabostaldira egin zuen salto alkateak, eta azpimarratu zuen udalaren lan nagusia “ahulenei laguntzea izan dela”. Une horretan hartutako hainbat neurri azaldu zituen: etxerik gabeko pertsonei ostatu emateko baliabideak jartzea; hiriko gizarte eragile askorekin lankidetzan, adinekoei laguntzeko Lagunkate ekimena; eta gizarte zerbitzuak erabat aktibatzea.
Apirilean arlo ekonomikoari heldu ziotela azaldu zuen Goiak, hain zuzen, “jarduera oro gelditzearen ondorioz” sortutako egoerari aurre egiteko estrategia bat landu zuten: Ekonomia Suspertzeko Plana aurkeztu zuten. “Plan hau bizia da, eta luzea aurreikusten den prozesu batera egokituko den plana da, erronkei aurre egiteko neurri berriak hartzea eskatuko duen plana”, adierazi zuen Goiak.
Orain arteko errepasoa egin ostean, etorkizunean jarri zuen begirada alkateak: “Zaila da aurreikuspen ziurra egitea, baina aurkeztuko zaizkigun agertoki berriak marrazten saiatu behar dugu, konfinamenduaren arintze prozesuaren amaieran iritsiko den errealitate berrirako hiria ahalik eta hobekien prestatzeko. Eta horretarako, beharrezkoa izango da talde guztien elkarlana, eta talde guztien ekarpenak, osasun krisi horrek ekarriko dituen ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialei aurre egiteko”.
“Merezi duen zuhurtzia guztiarekin, gaur egun Donostiako kutsadura egoera ona da”, esan zuen alkateak amaitzeko. PCR testen azken datuen arabera probak negatiboak direla azaldu zuen, eta gaineratu zuen emaitza horiek “onak” direla. Azkenik, adierazi zuen hiriak “marjina” duela osasun baliabideei dagokionez, eta horrek Maria Cristina hotela paziente arinentzako ospitale gisa ixteko aukera emango duela.