Sorospen Etxea erabiliko du Osakidetzak COVID-19a aztertzeko test azkarrak eta odol analisiak egiteko
Donostiako Udalak leku bat utziko du Sorospen Etxeko lokalean, Osakidetzak test azkarrak eta odol ateratzeak egin ditzan, Covid-19aren kutsatzeak aztertzeko.
Joan den martxoan udalak kudeatzen zuen Sorospen Etxearen zerbitzua bertan behera uztea erabaki zuten. Hain zuzen, Enrique Ramos zinegotziak azaldu zuen zerbitzu hori batez ere turistek eta bisitariek erabiltzen zutela, eta horien kopurua nabarmen murriztu zenez, zentzugabea zela zerbitzua zabalik mantentzea. Udalak kudeatutako zatiak 08:00etatik 17:00etara ematen zuen zerbitzua, Poliklinikarekin egindako kontratu baten bidez, eta joan den apirilaren 15ean amaitu zen.
Orain, ordea, Ramosek adierazi du osasun zerbitzua indartu nahi dutela, “koronabirusaren aurkako borrokan”, eta horregatik utziko dizkiote Osakidetzari Sorospen Etxeko lokalak, han antigorputzak detektatzeko test azkarrak egin ahal izateko. “Horrela, Donostiako herritarren egoera epidemiologikoari buruzko informazio baliotsua bilduko da, etorkizunean neurri egokiak hartu ahal izateko”, esan du zinegotziak.
Oraingoz proba horiek egingo dizkiete sintomak izan arren kontsultara joan ez diren eta ospitaleratu ez dituzten pertsonei. Odol analisiak ere egingo dizkieta “funtsezko kolektiboei”: suhiltzaileei, udaltzainei, besteak beste.