Udaltzaingoak 44 esku hartze egin ditu terrazen lehen egunean edukierak kontrolatzeko
Udaltzaingoak hiriko terrazetako jarduera kontrolatzeko 44 esku hartze egin zituen astelehenean, 1. faseko lehen egunean, tabernak euren edukiera eta mahai kopuru maximoa errespetatzen ari ziren ziurtatzeko. Udalak jakinarazi duenez, guztira 23 tabernarirekin hitz egin zuten, batik bat kanpoaldean zutik edaten ari zen jendea zutelako, eta haietako bati isuna jarri zioten, lokal barruko mahaietan zerbitzuak eskaini zituelako.
Hiriko tabernek terrazetako mahaiak kalera atera zituzten atzo lehen aldiz, fase berriak zehaztutako neurri zorrotzak jarraituz: terrazen %50eko edukiera maximoa, mahaien arteko bi metroko distantziak, lokal barruan zerbitzatzeko debekua… Eguraldi txarra dela eta, ordea, gutxi izan ziren astelehenean jarduera berrartzera animatu ziren tabernariak, baina egin zutenetatik, gehienek araua ongi errespetatu zuten. IRUTXULOKO HITZA haietako batzuekin elkartu da egoera berri honetara nola moldatu diren jakiteko.
Arau hausteei dagokienez, udalak jakinarazi du lehen egunotan polizia “pedagogia” lana egiten arituko dela, legez kanpoko jokabideak dituzten tabernariei araudia zein den gogorarazteko, eta isunak soilik kasu “larrietan” erabiliko dituztela. Dena dela, denborak aurrera egin ahala, “pedagogiatik isunetara” pasako direla azpimarratu du.