Urtebete Realak zerua ukitu zuenetik
Astelehenean, maiatzaren 11n, urte bat bete zen Realak Kopa irabazi eta historia egin zuenetik. Familia txuri-urdinak ez du inoiz ahaztuko Granadako final hori, Realak ez baitzuen titulurik irabazten 1987tik, gizonen taldeak Kopa altxatu zuenetik. Emakumeen taldeak hautsi zuen hiru hamarkada baino gehiagoko agorraldia, eta zale askorentzat euren lehenengo titulua izan zen. Garaipen historiko hori ez ahazteko, IRUTXULOKO HITZAk txapeldunen erretilua egin zuen, nahi duenak eskuratzeko.
Denboraldi bikaina egin zuen Realak, eta ilusioz beterik heldu zen taldea Los Carmenes estadiora, Atletico Madrilen aurkako finala jokatzeko. Zale txuri-urdin ugari joan ziren Granada jokalariak animatzera, eta taldea garaipenera gidatu zuten. Donostian ere jendetza bildu zen Trinitate plazako pantaila erraldoian norgehiagoka historikoa ikusteko.
Atletico Madril markagailuan aurreratu bazen ere, Realak ez zuen amore eman, eta Kiana Palaciosek berdindu zuen finala. Ordutik, partida zaila izan zen, bi taldeek izan baitzituzten garaipena lortzeko aukerak, baina, 60. minutuan, Nahikari Garciaren gol batek erabaki zuen klub txuri-urdinaren agorraldia bukatu behar zela. Epaileak partidaren bukaera agindu zuenean, Sandra Ramajo kapitainak altxa zuen Kopa, kamiseta txuri-urdina jantzi zuen azken egunean; ibilbide luze bati agur esateko modurik hoberena. Une hartan, historia egin zuen Gonzalo Arconadaren taldeak, eta zaleek biziki ospatu zuten garaipena, bai Granadan eta bai Donostian.
Bi egun geroago, harrera ezinhobea egin zion hiriak talde txapeldunari egun osoan zehar, eta arratsaldean Anoetan egin zieten harrera milaka zalek, gizonen taldeak Real Madrilen aurka jokatutako norgehiagokaren ondoren. Ordutik, belaunaldi txur-urdin berriek jada esan dezakete Reala titulu bat irabazten ikusi dutela.
Erretilua eskuratzeko aukera
Bizi ohi dugun egoera igarotakoan, erretilua hainbat lekutan eskuratzeko aukera berriro zalbalduko dugu, 12 euroan, eta HITZAkide eta Ararikideentzat, 8 euroan.
Bestalde, Bagera elkarteak erretilua eskuratzeko aukera zabalduko du, maiatzaren 18tik aurrera, 10:00etatik 13:00etara.
Salmenta puntua:
Erdialdea. BAGERA elkartea (Hernani kalea, 15).