100 autorek baino gehiagok hartu dute parte DKEtxean egitasmoan
Donostia Kulturak duela sei aste martxan jarritako DKEtxean egitasmoari gutxi falta zaio amaitzeko, eta erakundeak jardueren balantzea egitea erabaki du. Guztira 100 sortzaile baino gehiagok hartu dute parte eta 134 sorkuntza-lan eskaini dira, denak originalak. Emanaldi guztiak eskuragarri daude Donostia Kulturako webgunean, sortu berri den Donostia Kultura On! atalean.
DKEtxeanen baitan, gehien jarraitutako egitasmoa Ipuiaren Ordua izan da. Atal horretan, egunero-egunero, arratsaldeko 16:00tan ipui kontalariak haurrei ipuiak kontatzen zizkieten Youtubeko kanalaren eta sare sozialen bitartez, zuzenean. Donostia Kulturaren datuen arabera, 1.105 familiak jarraitu zituzten zuzenean, eta sare sozialetan 58.888 bisita jaso dituzte ipuiek.
Helduei zuzendutako hainbat egitasmo ere eskaini dituzte DKEtxeanen baitan, hala nola Koadernoa —idazle eta ilustratzaileen lan originalez osatutakoa—, literatur solasaldiak edo Antzokia Etxean —ostegunetik igandera 19:00tan artistek sortutako emanaldiez osatutakoa—. Azken hau 47.351 pertsonak sare sozialen bitartez ikusi dute eta 1.067 lagunek zuzenean jarraitu dituzte Youtube bitartez.
Aipatutakoez gain, Larrotxene Bideok ikastaro eta tutorialak eskaini ditu, eta Donostia Kultura irratian egunero-egunero eskaini da Ispilu Beltza irrati-magazin sortu berria. San Telmo Museoak ere #STMKuttunak jarduera bultzatu du, museoko pieza nabarmenenak etxetik ikusi eta ezagutu ahal izateko. Egitasmoaren baitan, besteak beste, apirilaren 23an zendutako Jose Luis Zumeta margolariari ere omenaldi bat egin zioten museotik bideo baten bitartez.
Bestalde, Donostia Kulturak ere bat egin zuen Liburuaren Nazioarteko Egunearekin, Dantzaren Nazioarteko Egunarekin eta Jazzaren Nazioarteko Egunarekin, ekitaldi bereziak antolatuz. Era berean, aurten bertan behera geratutako Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak Filmin plataforman kanal bat sortu du, aurreko edizioetan eskainitako filmak jasotzen dituena.
Egitasmoari amaiera jartzeko, Izarok Donostia Kulturako Youtubeko kanalean eman zen kontzertu bat eskaini zuen Victoria Eugenia antzokiko teilatutik. Kontzertua nola grabatu zen eta honen laburpen bat jaso dute bideo baten bitartez.