Bi munduk eta bi generok bat egiten dutenean
‘BACURAU’
Zuzendaria: Kleber Mendonça Filho eta Juliano Dornellesi
Urtea: 2019
Herrialdea: Brasil
Aurten Tabakalerak Kleber Mendonça Filhori eskainitako atzerabegirakoari esker, zinemagile, ekoizle eta zinema kritikari brasildarraren filmografia paregabea ezagutzeko aukera izan dugu. Ezin dut ulertu nola ez diren bere film asko lehenago estreinatu Europan!
O som a redor (2012), Aquarius (2016) edo bere film laburren bitartez, Brasilgo ipar-ekialdeko bizitzaren kronika soziala eskainiko digu, jasaten dituzten desberdintasun sozialak azpimarratuz. Mendonçaren zinema politikoa baita oso. Eta Critico (2008) filmean, kritiko eta zinemagileei egindako elkarrizketez baliatuz, bi arloen arteko ika-mikei buruzko hausnarketa egingo du. David Lynch, Fernando Meirelles, Eduardo Coutinho eta Aki Kaurismäki agertuko dira, besteak beste. A zer nolako aurkikuntza!
Tamalez, larrialdi egoera dela eta, zinemak itxi, eta ezin izan genuen atzerabegirakoaren azken filma -hainbeste laudorio jaso dituen Bacurau– pantaila handian ikusi. Baina atzotik, etxeko sofatik ikusteko aukera dugu. Canneseko zinemaldian Epaimahaiaren Saria irabazi, Municheko zinemaldiaren film onenaren saria jaso, eta Sitgesko zinemaldian zuzendari onenaren saria eta kritikaren saria eskuratu ondoren, hainbat plataformatan jarri baitute ikusgai gizartearen ustelkeria irudikatzen duen film basati eta ironiko hau. Movistar+, Filmin, Rakuten, Vodafone eta Orangen, hain zuzen ere.
Gal Costaren Não identificado abestiak -edertasun handiko kanta, benetan- eta «Etorkizun hurbil batean…» dioen ohar batek emango diote hasiera Bacurauri, ikuslea Brasilgo kulturan guztiz murgilduz, eta unibertso distopiko honetan edozer gerta daitekeela erakutsiz. Gainera, hasieran Brasilgo kondaira eta tradizioetan oinarritutako istorio bat badirudi ere, pixkanaka beste hainbat genero nahastuko ditu: zientzia fikzioa, western-a, gore-a, slasher-a eta nola ez, Brasilgo berezkoa den banden generoa, cangaço-a. Emaitza indar handiko film probokatzaile bat da.
Bacuraun, Brasilgo herri txiki batean, azalpenik gabeko zenbait gertaera egongo dira: seinalea galduko dute, herria modu misteriotsuan desagertuko da mapatik, eta errepidea itxiko diete. Guztiz inkomunikatuta geratuko dira, ihesbiderik gabe, eta hainbat erailketa gertatuko dira. Orduan, herritarrak batu, eta euren burua defendatzen saiatuko dira. Baina nola defendatu, etsaia ezezaguna eta errukirik gabea bada? Zergatik zelatatzen du herria amerikar talde batek drone baten bidez?
Horrela, Sonia Braga aktore brasildarrak (The Rockie, 1990) eta Udo Kie aktore alemanak (Mark of the devil, 1970) gidatzen dituzten bi taldeak euren artean hiltzen doazela, filmak Brasilgo egoera politikoa eta mandatarien nagusikeria salatuko du. Bacurau distopia bat bada ere, ez dago errealitatetik hain urrun.
Kleber Mendonça Filho eta Juliano Dornellesek -Mendonçaren aurreko filmetako arte zuzendaria izan dena- elkarlanean zuzendu dute maisulan hau. Beraien hitzetan, «Akziozko film brasildar gutxi ekoitzi dira historian zehar. Horregatik, gure nahia Brasilgo zinemaren bereizgarritasuna mantenduz, efektu bereziak zituen filma sortzea zen. Brasilgo egoera erakusten duen akziozko film unibertsala». Filmaren bertutea horixe baita, hain ezberdinak diren bi mundu eta generok bat egitea. Cocktail ikaragarria.