Dbizi zerbitzuaren itzulera atzeratu egingo da
Udalak jakinarazi du COVID19aren egoerak zerbitzua enpresa berri bati esleitzeko prozedura administratiboa atzeratu duela. Erabiltzaileei zati proportzionala itzuliko zaie, nahiz eta horretarako prozedura oraindik ez den zehaztu.
Martxora arte, Bonopark enpresak ustiatu zuen dBizi. Esleipen berria egiteko prozedura-administratiboa martxan jarri behar zuen udalak hilabete hauetan. Bitartean, zerbitzua ez eteteko, Bonopark enpresarekin kontratua luzatzea erabaki zuen, aldi baterako, esleipen berria izan arte. Testuinguru horretan, COVID-19a azaleratu eta alarma egoera ezarri zen. Horren ondorioz, halako zerbitzu batek eska ditzakeen segurtasun eta garbitasun neurriak bermatzeko zailtasunak zirela eta, udalak martxoaren 30ean iragarri zuen dBizi zerbitzua bertan behera uzten zuela. Egoerak esleipen berria egiteko prozedura administratiboari ere eragin dio, eta horretarako aurreikusitako epeak bete ezin duela jakinarazi du erakundeak. Orain arte zerbitzua eskaini duen Bonoparkekin kontratua luzatzea ez da aukera bat, “higiene-neurri zorrotzak direla eta, ez baitira baldintzak betetzen […] enpresak denbora gehiagoz jarraitzeko aukera izan dezan”.
Bestalde, udalak iragarri du erabiltzaileei martxoaren 30etik abonoa amaitu bitarteko kopurua itzuliko zaiela. Horretarako prozedura “laster” zehaztuko dutela esan dute.