Donostiako langabezia hazi egin da azken bi hilabeteetan
Koronabirusaren krisia hasi zenetik, langabe kopurua nabarmen hazi da Donostian, eta langabezia tasa %10,4 da gaur egun. Hain zuzen, martxoan 895 langabe berri izan ziren eta apirilean beste 744, beraz, azken bi hilabeteetan 1.639 langabe berri izan dira Donostian.
Horrela, guztira 9.242 langabe daude gaur egun hirian, martxoan baino %8,8 gehiago eta iazko apirilean baino %24,8 gehiago. Izan ere, normalean, Aste Santua dela eta, enplegu datu onak izaten dira garai horretan, baina aurten, pandemiaren eraginez, ez da halakorik gertatu. Donostiako langabezia tasa %10,4 den bitartean, Gipuzkoakoa %10,6 da eta EAEkoa %12,9.
Horri aurre egiteko, udalak nabarmendu du hamar langile baino gutxiagoko ostalaritza establezimenduei eta saltokiei laguntzeko plan ekonomikoa abiatu dutela. Enrique Ramos Ekonomia Bultzatzeko zinegotziaren arabera, 1.867 eskaera erregistratu dituzte, eta horietatik 1.654 hiriko saltokiei eta ostalaritzari dagozkie. Gainerakoak, azken bi urteetan Donostiako Sustapenaren (193) edo eragin soziala duten enpresa ideien (20) babesean sortutako enpresa txikiei dagozkie. Udalaren lehenengo kalkuluen arabera, 800 euro inguruko diru laguntza jasoko du establezimendu bakoitzak.