Gure Eskuk solasaldi digitalen bigarren zikloa hasiko du bihar
COVID-19ak eragindako egoerak jarduna egokitzera behartu ditu herritarrak eta eragile sozial gehienak. Horren adibide da Gure Esku, izan ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri plataformak solasaldi digitalen ziklo bat hasi zuen joan den apirilaren 23an, Gelditu. Hausnartu. Erabaki lelopean. Bihar, bigarren hitzaldi sorta bat hasiko dutela iragarri dute.
“Bizi dugun osasun krisiak salbuespenezko egoera batera eraman gaitu; gure gizartearen indargune nahiz ahuleziak muturrera eraman eta azalera ekarri ditu. Hamaika auzi zeuden mahai gainean krisi honen aurretik ere, baina ezin uka egoera honetan gai asko eta askok esanahi berezia hartu dutela”, adierazi dute Gure Eskukoek. Hori dela eta, askotariko esparruetako gonbidatuak izan dituzte lehen zikloko bost solasaldietan.
Bigarren ziklorako ere bost saio antolatu dituzte, eta horiek zuzenean ikusi ahalko dira, baita gerora ere, Gure Eskuren Youtube-ko kanalean. “Edukia ahalik eta gehien zabaltze aldera, nahi izanez gero, zuen webguneetan ere partekatzeko gonbita egiten dizuegu”, adierazi dute plataformakoek.
Honakoak dira bigarren zikloan ikusgai izango diren solasaldiak:
Zaindu zaintzen gaituen hori
Maiatzaren 14an, 19:00etan. Euskaraz
- Itziar Ferron, Villodas zahar-etxeko zaintzailea eta ELA-ko langile ordezkaria.
- Karlos Ibarguren, doktorea eta Osakidetzako Emergentzietako Asistentziako medikua.
Krisi ekonomikoa: lehengo lepotik burua
Maiatzaren 19an, 19:00etan. Euskaraz
- Ainhoa Etxaide, LAB sindikatuko feminismo arduraduna.
- Joseba Barandiaran, ekonomialaria eta Euskal Ekonomisten Elkargoko kidea.
Tecnologia: libertad y control
Maiatzaren 21ean, 19:00etan. Gaztelaniaz
- Eva Rodriguez de Luis, ingeniaria, teknologia berrietan aditua eta Xataka blogaren editorea.
- Gorka Julio, software garatzailea, irakaslea eta Talaios kooperatibako kidea.
Euskara: etxealditik etorkizunera begira
Maiatzaren 26an, 19:00etan. Euskaraz
- Kike Amonarriz, soziolinguista eta Euskaltzaleon Topaguneko lehendakaria.
- Mertxe Mugika, AEK-ko kidea eta koordinatzaile ohia.
Klima eta natura: zirt edo zart egiteko unea
Maiatzaren 28an, 19:00etan. Euskaraz
- Ane Zabaleta, geologoa, zientzian doktore eta geodinamikan espezializatua; eta EHUko ikertzailea.
- Unai Pascual, Ikerbasque Ikerlaria (BC3), irakaslea, eta bioaniztasunaren galera ikertzeko IPBES adituen taldeko kidea (NBE).