Koronabirusak kutsatutako hiru kasu berri antzeman dituzte Donostian
Osakidetzaren azken datuen arabera, kutsatutako donostiarrak 749 dira, duela bi egun erregistratutakoak baino hiru gehiago, hain zuzen.
Osakidetzak eman dituen azken datuen arabera, koronabirusak kutsatutako hiru kasu berri detektatu dituzte Donostian, konfinamenduaren hirurogeigarren egunean. Osakidetzaren datuak, atzo, 20:00ak arte bildutakoak dira, beraz, izan liteke azken orduetan datu horiek aldatu izana. Maiatzaren 11n, 746 ziren kutsatutako donostiarrak, eta maiatzaren 12an, berriz, 749.
Donostia Ospitalean, berriz, behera egin du COVID-19a dela eta ospitaleratuta dauden pertsonen kopuruak: 38 pertsona zeuden asteartean, eta astelehenean, aldiz, 44. Azken datuen arabera, 38 horietako 31 pertsona daude solairuetan, eta zazpi pertsona ZIUn. Era berean, zazpi pertsonari eman diote alta. Matia Fundazioaren Bermingham zentroan bi pertsona daude COVID-19arekin, eta hiruri alta eman diete.
Erkidegoko osasun eremuen araberako zerrendatzea ikusita, hala banatu dira kutsatzeak Donostiako osasun eremuetan:
- Altza-Roteta: 148
- Ondarreta: 139
- Amara Berri: 101
- Gros: 87
- Egia: 66
- Amara-Erdialdea: 48
- Parte Zaharra: 45
- Intxaurrondo: 34
- Loiola: 23
- Bidebieta: 22
Hiru hildako Gipuzkoan
Gipuzkoan, berriz, lau kasu berri antzeman dituzte, PCR probaren bidez detektatuta. Era berean, koronabirusarekin hildako hiru pertsona erregistratu zituzten asteartean, eta orotara, 281 dira lurraldean hildakoak, pandemia hasi zenetik. Ospitaleratutako gipuzkoarren kopurua 72ra jaitsi da.
Halaber, kasu kopuru handienetik txikienera ordenatuta, Gasteiz da positibo gehien dituen EAEko udalerria 3.923 kasurekin. Ondoren, Bilbo, 3.494 kasurekin, hirugarren, Barakaldo, 978 kasurekin, eta laugarren, Donostia, 749 kasurekin.