Udaltzaingoak ia 1.500 isun jarri ditu hirian alarma egoera ezarri zenetik
Udalaren datuek agerikoa zen errealitate bat berresteko balio dute: Udaltzaingoak martxoaren 16tik hona jarri dituen isunen kopuruak orain arteko marka guztiak apurtu ditu Donostian.
Ziurrenik kopuruak ez du dagoeneko inor harrituko baina, nolanahi ere, nabarmentzeko moduko datu bat da: zortzi asteko epean, alarma egoera ezarri zenetik, Udaltzaingoak 1.454 isun jarri ditu konfinamendu arauak urratzeagatik. Horri Ertzaintzak hirian utzitako kopurua batu beharko genioke, baina zifra hori ez dute oraindik jakinarazi.
Udalak eskainitako informazioak martxoaren 16tik maiatzaren 11ra bitarte jarri diren isunen kopurua zehazten du, eta horren arabera, oinezkoei ezarritako zigorrak 1.375 izan dira guztira. Konfinamenduaren lehen asteetan, arau hauste ohikoenak kalera baliozko justifikaziorik gabe ateratzea eta txakurrarekin eremuz kanpo ibiltzea eta denbora luzeegian paseoak ematea izan ziren. Maiatzaren 2an ezarritako 0 fasean, berriz, ordutegiz kanpoko irtenaldiak eta kaleko elkarretaratzeak bilakatu ziren lege urratze nagusia.
Garraioan ere
Ibilgailuei dagokienez, Udaltzaingoaren kontroletan –finkoetan zein dinamikoetan– jarritako isunak 79 izan direla jakinarazi du udalak. Kontrol horiek hiriko bide nagusietan, sarreretan eta irteeretan egin dituzte, eta isunak konfinamenduaren arauen arabera errepidean zirkulatzeko baimenik ez zuten gidariei jarri dizkiete.
Horrez gain, azken asteotan bizikletan doazen herritarren artean ere kontrolak egiten hasi da polizia, 0 fasea indarrean jarri zenetik garraio mota hau asko ugaritu delako. Bestalde, hiriko garraio publikoaren erabiltzaileek derrigorrezko maskarak daramatzatela ziurtatzeko kontrolak ere egiten hasi dira, eta berea jantzita ez daramaten bidaiariei isunak jarriko dizkietela nabarmendu du udalak.