Datorren uda "bereziari" begira jarri, eta barne prozesu bat abiatu dute Donostiako Piratek
Joan den ostiralean, aurten Aste Nagusirik ez dela izango iragarri zuen Donostiako Udalak. Eneko Goia Donostiako alkateak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ostiral goizean erabaki zuten hiriburuetako jaiak ezin izango direla uda honetarako aurreikusita zeuden egunetan ospatu.
Erabaki hori, jende asko biltzen dituen ekitaldirik ez egiteko aginduari jarraituta, eta Osasun Publikoaren Sailak, Eusko Jaurlaritzak eta Eudeleko Batzorde Betearazleak emandako aholkuak “aintzat hartuz” erabaki dutela adierazi dute.
Erabaki horren harira, Donostiako Piratek ohar bat plazaratu dute, egoeraren inguruko iritzia jakinarazteko. Azaldu dute udalak hartutako erabakiarekin “hein batean” ados daudela, “arduraz jokatzeko unea” delako, baina, era berean, salatu dute azken erabakia “aldebakarrekoa” izan dela. Gainera, haserre agertu dira, Aste Nagusia bertan behera uzteko albistea prentsaren bidez ezagutu dutelako. Datorren uda “bereziari” begira jarri direla kontatu dute, eta iragarri dute barne hausnarketa prozesu bat jarri dutela abian.
Hona hemen Donostiako Piraten komunikatu osoa:
Alarma egoera hasi zenetik adi ibili gara, eta aurreikusten genuen aurtengo jaiak ospatzeko zailtasunak izango genituela; bereziki, duela aste batzuk Iruñeko sanferminak bertan behera geratu ziren momentutik. Jakin bagenekien, halaber, bilerak abian zirela Bilboko, Gasteizko eta Donostiako jaiekin zer gertatuko zen adosteko. Donostiako Udalarekin harremanetan jarriak ere baginen, eta orain arte jaso dugun informazioa “normaltasunez” jaiak antolatzen jarraitzekoa izan da.
Normaltasun horretan Piratok argi genuen arduraz jokatzeko unea zela eta ezin izango genituela festak bere osotasunean ospatu. Udalak hartutako erabakiarekin hein batean ados bagaude ere, berriro ere argi utzi dute gure iritziak ez duela baliorik beraientzat, izan ere, prentsaren bidez izan dugu honen guztiaren berri: bai Udalen arteko bileren berri, bai eta azken erabakiaren berri ere. Jaiak bertan behera uzteko erabakia aldebakarrekoa izan dela iruditzen zaigu, eta ez eragileekin batera hartutakoa. Donostiako Piratak, behintzat, ez gaituzte inora gonbidatu.
Dena den, adierazi nahi dugu mugimendua osatzen dugun kofradia eta lan taldeek gaur bertan abiatu dugula barne hausnarketa prozesu bat, datorren uda berezi honetan hirian nola eragingo dugun erabakitzeko. Ziur gaude gure balioak ahaztu gabe eta arduraz eta erantzukizunez jokatuz, Donostiako kaleak berreskuratzeko bidea aurkituko dugula, jaien espiritua bizirik mantenduz.
Jarrai dezagun herritik herriarentzat jai feminista, euskaldun, ekologista eta parte-hartzaile bat sortzen!
Izan pirata!