Udaleko Txistulari Taldearen dianak esnatu ditu Parte Zaharreko eta Erdialdeko bizilagunak
Azken bi hilabeteetan zeharo aldatu dira hiriko paisaiak eta hotsak. Gaur goizean, Parte Zaharreko eta Erdialdeko kaleek konfinamendu neurrien ondorioz galduta zuten hots bat berreskuratu dute: Donostiako Udaleko Txistulari Taldearen musikarena, hain zuzen.
Txistulari Taldeak bertan behera utzi zituen bere zuzeneko emanaldiak duela bi hilabete, koronabirusak eragindako konfinamendu neurriengatik, eta gaur itzuli da euren diana. Konstituzio plazako erlojuak 9:00ak jo eta berehala abiatu dira txistulariak San Jeronimo kalera.
Kutsatzeak saihesteko segurtasun distantziak mantentzea beharrezkoa denez, lau musikari aritu dira, ohiko talde bikoitza aritu ordez. Era berean, musikari bakoitzaren artean hiru metro inguruko distantzia mantendu dute ibilbide osoan zehar, eta aurpegia babestuta eraman dute.
Jose Ignazio Ansorenak gidatutako taldearen dianak ikusmina eragin du, eta paseatzen ari ziren hainbat herritar gerturatu zaizkie ibilaldian zehar. Auzotarrek ere gogotsu hartu dute txistularien itzulera, eta batzuk leiho eta balkoietara atera dira segizioa txalotzera. Anekdota gisa, hedabideentzat ere une garrantzitsua izan da, eta ez dute txistularien itzulera galdu nahi izan: 9:00etan kazetari gehiago zegoen Konstituzio plazan, musikariak baino.
Parte Zaharretik Erdialdera igaro dira, Elkano kaletik barrena, Txanbolin eta Osintxu zortzikoen eta Ernio eta Itxaropena kalejiren erritmora. Ohi bezala, Konstituzio plazan amaitu dute iganderoko diana. IRUTXULOKO HITZak bideo batean jaso ditu dianaren hainbat une.
Zuzeneko emanaldiak egin ez badituzte ere, konfinamenduan zehar taldekideek euren txistu doinuak partekatu dituzte sare sozialetan. Era berean, Ansorenak diana jo du igandero bere balkoitik. Hedabide honek Donostiak Udaleko Txistulari Taldea hobeto ezagutzeko erreportaje bat egin zuen iazko ekainean.