Alderdi Ederreko pentsiodunek adinduen arreta zerbitzuen inguruko eztabaidaren beharra nabarmendu dute
Konfinamendu neurriak ezarri zirenetik, kaleetako protesta sozialak ere mugak izan ditu. Astelehenero egin ohi zuen elkarretaratzea Alderdi Ederreko Pentsiodunen Batzordeak, baina azken bi hilabeteetan ez dute horretarako aukerarik izan. Gaur, idatzi bat zabaldu dute, COVID-19aren pandemiaren harira egindako hainbat hausnarketa eta aldarrikapen jakinarazteko.
Pentsiodunek senide eta lagunak galdu dituzten pertsonei doluminak agertu dizkiete lehenik eta behin, eta euren “sostengua eta laguntza” adierazi diete ere Osakidetzako langileei, etxez-etxeko laguntza zerbitzukoei, eta erresidentzietakoei. “Pertsonak zaintzen erabateko sostengua eta laguntza eskaini dute, eta kasu askotan euren bizitza arriskuan jarri dute, tresna homologaturik ez zutelako”, esan dute oharrean.
COVID-19aren pandemiak “oso egoera mingarriak” eragin ditu pentsiodunen ustez, eta hainbat kasu azpimarratu dituzte. Esaterako, kritikatu dute zaharren egoitzetan hildako pertsona askok senideen eta lagunen agurrik gabe hil behar izan dutela. Era berean, 65 urtetik gorako pertsona asko bizitzen ari diren “beldurra, bakardadea, segurtasunik eza, desorientazioa, tristura eta larritasuna” salatu dituzte.
Egoerarekin “kezkaturik” daudela adierazi dute, eta adinduen arreta zerbitzuen inguruko eztabaida bat egiteko asmoz, bilera bana eskatu die Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikaren diputatuari, eta Donostiako Udaleko Gizarte Ongizateko zinegotziari. Era berean, bilera horietan “hedabideetan islatzen den informazioa” baino datu gehiago jasotzeko helburua dute, eta aurretik aipatutako eztabaidan euren ekarpena egin nahi dute.
Halaber, oharrean adierazi dute hiritar gehienek bezala, “sentimenduz” partekatzen dutela osasun krisiak agerian utzi dituen gabeziak: “Nabarmen gelditu da urgentziazko gauza dela Osakidetzako zerbitzu publikoak, dependentziarako arreta, eta etxez-etxeko zerbitzuak egokitu eta sendotu beharra dagoela”, esan dute. Gainera, irmo adierazi dute ezin dituztela murrizketa gehiago onartu, ezta zerbitzu horiek enpresa pribatuen esku uztea ere.
Azkenik, adierazi dute pentsiodunen sistema publikoaren defentsa, eta orokorrean, Giza Eskubideen defentsa direla euren lehentasunak: “1.080 euroko pentsio minimoa da gure defentsa, pertsonen osasuna eta bizitza babesteko, eta milaka pentsiodunen eta bereziki emakumezkoen miseriazko pentsioekin behingoz bukatzeko”, esan dute oharra amaitzeko.