Donostian inor kalean ez uztearen alde agertu dira Euskal Herriko hainbat aurpegi ezagun
Harrera Sarearen 'Ez itzazue kalean utzi' manifestura atxikitu direla adierazteko bideo bat egin dute.
Donostiako pertsona etxegabeei jaso duten babesa pandemia ostean erretiratzearen aurka Harrera Sareak kaleraturiko Ez itzazue kalean utzi manifestuak gero eta sinatzaile gehiago ditu. Dagoeneko 1.000 pertsonak eta 50 eragilek eman dute euren sinadura Internet bidez eginiko bilketan, eta hori gutxi balitz, hainbat arlotako 25 pertsona ezagunek bideo bat egin dute egitasmoari babesa adierazteko.
Bideoan parte hartu dutenen artean badira hainbat donostiar, hala nola Ane Gabarain, Naiara Arnedo eta Ramon Agirre aktoreak, Javi Julio kazetaria, Iñigo Gutierrez SMHko kidea, Olatz Salvador eta Sara Zozaya musikariak, Xabier Urmeneta psikologoa, Iñigo Lamarca ararteko ohia, Sabino Ormazabal militante ekologista eta antimilitarista.
Jarraian, Harrera Sarearen manifestua:
EZ ITZAZUE KALERATU
Hortxe zeuden. Ez genituen ikusten. Ez genituen ikusi nahi. Eta ehunka dira.
Pandemia honek agerian utzi du ikusezin egon ohi den errealitate bat. Etxerik gabe eta egoera ahulean dauden pertsonak behartuta daude kalean bizitzera, eraikin abandonatuetan edo laguntza publikoren bat duten geletan.
Administrazioek, hitzaldiak hitzaldi, ez dituzte hori ekiditeko aski baliabide dituzten politikak.
Pandemiak urgentziazko baliabideak erabiltzera behartu ditu. Galdera: iraungipen-data al dute? Kalera botako al dituzte alarma-egoera amaitutakoan? Zuzen ote daude zera diotenek, kezka bakarra horiek kaleetatik kentzea dela, besteon osasuna bermatzeko?
– Ez dugu inor atzean utziko. Pedro Sánchez. 2020/03/18
– Gure konpromisoa, betiere, inor atzean ez uztea da. Iñigo Urkullu. 2020/03/27
– Lanean jarraitu inor atzean gera ez dadin. Markel Olano. 2019/04/08
– Goiak Donostia oparoa hitzematen du, inor bazterrean utziko ez duena. 2019/06/16
Ez dezagun inor atzean utzi. Emandako hitza betetzeko unea da.
Dagokien instituzioei eskatzen diegu, udalei, Aldundiari, Jaurlaritzari, arren ekin diezaiotela gaur bertan biharamunerako beharko diren baliabideak programatzeari.
Ekipamendu masifikatu gabeak behar dira, kudeatzeko moduko pertsona kopuru batentzat, intimitaterako guneak dituztenak, ezaugarri jakin batzuk kontuan izango dituztenak seme-alaben familientzat, emakumeentzat… Herri- eta hiriguneetatik ez urrun, hezkuntza-, lan-, aisialdi-jarduera ohikoenak burutu ahal izateko… Elikatze-beharrak aseko dituztenak. Behar diren profesionalen arreta izango dutenak. Gaur egungo formatua, urgentziazko harrerarako, aterpetxe publikoak, horren adibide dira.
Behar adina indartu beharra dago profesional taldeak eta gizarte-zerbitzuak, zeregin horiei aurre egiteko eta pertsona erabiltzaileei aurrera egiten laguntzeko.
Jantoki Sozial Publikoak behar dira. Bai gizatalde horrentzat, eta bai egoera ahulean dagoen edonorentzat. Zeregin hori ezin da utzi elkartasunaren edo karitatearen bizkar.
Eskakizun gutxieneko horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira pandemiaren ondoren datorren panorama kontuan izanik. Populazio-sail zaurgarrienek dute arriskurik handiena ondorioak pairatzeko. Mobiliza gaitezen hori ekiditeko.
Dei egin diezaiegun eskakizun hauen alde pertsona horiek kaleratzea ekidin nahi duten gizarte erakunde guztiei.
Hiritarron Harrera-Sarea