Irla birgaitzeko bideratutako 4,2 milioi euroak saltoki txikiak laguntzeko bideratzeko eskatu du Parkea Bizirik-ek
Santa Klara irlako birgaitze lanetarako 4,2 milioi euroko aurrekontua bideratu du Donostiako Udalak –hasieran, 1,4 milioi euro ziren–, eta koronabirusaren krisiaren aurrean, diru hori hiriko saltoki txikiak laguntzeko bideratzeko eskatu du Parkea Bizirik elkarteak. Egin dituzten kalkuluen arabera, herritar bakoitzak 22,4 euro ordainduko ditu irlako birgaitze lanetan. Parkea Bizirik-en hitzetan, 4,2 milioi euro horiek irla eta itsasargia “hondatzeko” dira, eta nabarmendu dute aurrekontuko 1,6 milioi euro irla “urbanizatzeko” direla. Horrekin kezkatuta agertu dira, euren arabera, udalak ez baititu azaldu urbanizazio horren nondik norakoak. Era berean, aurrekontu hori Txomiñeneko lehenengo eraikuntza faseko urbanizazioko aurrekontu bera dela adierazi dute, izan ere, Txomiñeneko auzo elkarteak dirua irlara desbideratzea egotzi zion udalari, nahiz eta udalak akats bat izan zela esan zuen.
Izan ere, gogoratu dute krisi honen aurrean, hilaren 13an Eneko Goia alkateak donostiarrei eskatu ziela “arduraz” jokatzeko, eta alkateak berak ere gauza bera egiteko eskatu dute. Bestalde, hilaren 12an Jaime Dominguez Macaya Ogasun zinegotziak esandakoa ere gogoratu dute, COVID-19ak sortutako krisiak udalean 81 milioi euroko “zuloa” sortuko zuela adierazi baitzuen Macayak, baita hurrengo lau urteetan hiriko bizilagun guztiei eragingo ziela ere. Parkea Bizirik-en kalkuluen arabera, donostiar bakoitzaren zorpetzea 432 eurokoa izango da. Era berean, udalak saltoki eta ostalaritza establezimendu txikiei –10 langile baino gutxiagokoak– laguntzeko 2,6 milioi euro bideratu dituela azpimarratu dute, eta, euren kalkuluen arabera, sektoreko langile bakoitzak 153 euroko laguntza izango duela. Hala ere, diru laguntza horiek ez dizkiete zuzenean langileei emango, establezimenduei baizik; udalaren kalkuluen arabera, establezimendu bakoitzak 800 euro inguru jasoko ditu.
Horregatik, 4,2 milioi euroko aurrekontu hori saltoki txikiak laguntzera bideratzeaz gain, “uhartea hondatzeko proiektua, neurriz kanpokoa eta elkartasunik gabekoa izateagatik” bertan behera uzteko eskatu dute, baita Santa Klarari eta bere inguruari Biotopo Babestuaren irudia emateko ere. Era berean, “donostiarren baimenik gabe, beharrezkoak ez diren proiektuengatik jendea ez zorpetzeko” eskatu dute, eta hurrengo lau urteetan hartu beharreko erabakien inguruan herritarrei galdetzeko.