Museoen Nazioarteko Eguna online ospatzen ari dira Donostiako museoak
Gaur da Museoen Nazioarteko Eguna. Museoak berdintasunaren alde: aniztasuna eta inklusioa lelopean, gizartea osatzen dugun pertsonen eta ikuspuntuen aniztasunaren —hala nola adina, generoa, identitate etniko edo sexualak, prestakuntza— inguruko hausnarketa bultzatu nahi dute aurten, besteak beste, isilean geratu ohi diren edo egoera zaugarriagoa bizi duten horien ikuspuntuak identifikatu eta jasotzeko tresnak identifikatzeko, batik bat, kultura alorrari lotuta. Urtero-urtero maiatzaren 18an deskontuak eta jarduera bereziak eskaini ohi dituzte Donostiako museoek. Aurten, aldiz, aurrez aurreko egitasmorik egiteko aukerarik ez badago ere, hirian dauden museoek hainbat online jarduera bultzatu dituzte.
San Telmo Museoak proiektu bat jarri du martxan pandemia dela eta bizitako egoeraren inguruko argazki, marrazki, eskulan edo bideoak jasotzeko. 2020. Pandemiaren lekukotzak: gure orainaren antropologia izena du egitasmoak. Honen helburua da, alde batetik, “hausnarketa sustatzen laguntzea”, bai pandemiak gizartean edukitako ondorio eta eraginari buruz, baita pandemia ondoko gizartearen eraikuntzari buruz ere. Jasotako materialak une hau eta etorkizunekoak dokumentatzeko balioko du. Parte hartzeko, Museoko webgunera bidali behar da materiala, gaurtik hasita ekainaren 18ra arte. Onartutako formatuak ondorengoak dira: JPG, mp4, mp3, pdf, zip. Norberak nahi adina sorkuntza-lan bidal ditzake.
Donostiako Aquariumak Aquariuma zure etxean egitasmoa sortu du, museoan zehar bisita interaktiboa egin ahal izateko, bideo, argazki eta unitate didaktikoen bitartez. Bisitan, besteak beste, arrainak nola elikatzen dituzten, nola arrantzatzen diren eta nola ugaltzen diren azaltzen dute. Gainera, atal horretan Aquariuma aurrez aurre bisitatzeko sarrerak irabaz daitezke bi zozketatan parte hartuz.
Itsas Museoak, Lasala Hoteleko La Jarana tabernarekin eta Oianeder arraindegiarekin lankidetzan, Dastatu Museoa! jarduera eskainiko du gaur. Youtubeko bideo baten bitartez, Elkano. Lehenengo Mundu bira erakusketako sukaldatzeko eta jateko pertza abiapuntu hartuta, Itsas Museoak eta La Jaranak solasaldi bat egin dute, bakailao errezeta bat prestatzeko. Era berean, lehiaketa bat antolatu dute. Helburua da bakailao errezeta etxean egitea eta prozesua sareetan partekatzea, Itsas Museoa aipatuz. Bi sari irabazi ahalko dira: bata, zozketa bitartez emango dena, La Jaranako bakailao pintxoa dastatzeko bi pertsonentzako txartel bat, eta bestea, formatu originalenak irabaziko duena, Oianeder arraindegian gastatzeko txartel bat.
Bestalde, hiriko beste hainbat museok ez dute egitasmo berezirik bultzatu gaurko eguna dela eta, baina online egiteko jarduera ugari bultzatu dituzte itxialdian zehar. Tabakalerak #TabakaleraEtxean online programa jarri zuen martxan isolamenduarekin batera, sorkuntza berriak, ikus-entzunezkoak eta abar jasotzen dituena. Chillida Lekuk Eduardo Chillidaren hainbat lanen azalpenak eskaini ditu haren sare sozialetan alarma egoera hasi zenetik, eta zenbait bideo ere partekatu ditu, esaterako, artistari egindako elkarrizketa batena.