Musika eta Dantza Eskolan datorren ikasturterako izena emateko epea zabaldu dute
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak 2020-2021 ikasturterako izen-emate epea ireki du gaur. Ekainaren 7a bitartean egin ahal izango da eta lehentasuna online edo telefonoz egiten diren matrikulek izango dute. Telefonoa bitartezko arreta zerbitzua eskolako ordutegiaren barruan eskainiko da, alegia, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, 943 297 830 zenbakian. Online matrikulazioa eskolako webgunetik egin behar da. Bestalde, aurrez aurreko izen-ematea egiteko aukera ere eskaintzen du eskolak. Horretarako, hitzordua eskatu behar da telefonoz edo posta elektroniko bitartez, info@donostiaeskola.eus -en.
2020-2021 ikasturteko jarduerak aurreko urteetan egindako eskaintzarekin bat datoz, eta piano, gitarra eta bakarkako kantu eskolak ere izango dira hainbat auzotako egoitzetan. Eskaintza guztia musika eskolako webgunean ikus daiteke. Bestalde, eskolak prezio murriztuak eskaintzen jarraituko du, hala nola DSBE edo Gizarte Larrialdiko laguntza jasotzen dutenentzat eta familia ugarientzat.
COVID-19aren harira gertatu daitezkeen egoerak aintzat hartuta, aurrez aurreko irakaskuntza, segurtasun neurriak jasotzen dituen aurrez aurreko irakaskuntza eta online irakaskuntza aukerak diseinatu dira. Era berean, eskolak jakinarazi du segurtasuna eta kalitatea bermatzeko protokoloak ezarteko lanean ari direla.