Realeko nesken entrenatzailea izateari utziko dio Gonzalo Arkonadak
Gonzalo Arkonada 2017ko azaroan hasi zen Realeko nesken entrenatzaile lanetan, taldea jaitsiera postuetan zegoela. Bi urte eta erdi bikainen ostean, bere postua uztea erabaki du. Realak zabaldutako ohar batean, entrenatzailearen esker oneko hitzak jaso dituzte, eta baieztatu du agur esateko erabakia “aste batzuetako hausnarketaren eta eztabaidaren” ondorengoa izan dela.
Arkonadak esan du “esperientzia handiak” bizi izan dituela azken bi urte eta erdian, eta une latzak ere izan dituen arren, bizitako “gauza zoragarriak” nabarmendu ditu: “Hala nola, joan den denboraldian Erreginaren Kopa lortzea, elkarrekin, taldearekin, klubarekin eta zaleekin hainbeste gozatu baikenuen. Baita Euskal Herriko kopa ere denboraldi honetan, eta Salamancan Superkopako finalera iritsi izana. Beti nirekin eramango ditudan oroitzapen handiak dira”.
Gainera, entrenatzaileak gogora ekarri nahi izan ditu Realeko nesken gidaritzapean izan bitartean alboan izan dituen guztiak, besteak beste, talde teknikoko kideak, mediku zerbitzuko langileak, zaleak eta komunikabideak. Taldeko jokalariei ere eskaini dizkie hitz batzuk: “Hainbeste ikasi dudan jokalariei. Entrenatzaile eta pertsona hobea izaten lagundu didate. Hitz ematen dizuet, nire zeregin berriek uzten didaten neurriak, harmailetan egongo naizela zuek ikusteko”.
Arkonadak nesken taldea utziko du, baina Zubietako organigramaren parte izaten jarraituko du. Hain zuzen, jokalarien garapen indibidualerako unitatean hasiko da orain. Nesken futbolarekin izandako lehen esperientzia izan da entrenatzailearentzat, izan ere, Danak klubean hasi zuen bere entrenatzaile ibilbidea Arkonadak, eta, ondoren, aritu zen Real Unionen, Tolosan, Beasainen eta Sansen. Azken horretan bost urtetan aritu zen, eta ondoren Realeko mutilen lehen taldera igo zen. Gerora, talde gehiagotan ere aritu da entrenatzaile lanetan: Burgos, Numancia, Almeria, Tenerife, Mirandes, Jaen eta Barakaldo.
Arkonadak Realeko neskekin ibilbidea hasi zuenean, une zailetan zegoen taldea, izan ere, jaitsiera postuetan zeuden. Sailkapenean postuak igotzea lortu, eta denboraldia zazpigarren lekuan amaitu zuten. 18-19 denboraldia, berriz, taldearen historiara pasako da, neskek Granadan lortutako garaipenari esker: Koparen irabazleak izan ziren. Azken denboraldian ere bolada onari eutsi diote txuri-urdinek, eta seigarren postuan amaitu dute txapelketa.
Esker onez amaitu du, beraz, Realeko neskekin izandako fasea Arkonadak, eta baieztatu du “ilusioz beterik” hasiko duela berria. “Klubari eskerrak eman nahi dizkiot esperientzia hau bizitzeko aukera emateagatik, eta nigan konfiantza izaten jarraitzeagatik”.