San Bartolomeko horman sorbeltzentzako habi kutxak jartzeko eskatu dute hainbat elkarte naturzalek
Naturkon Gipuzkoako talde naturzaleak biltzen dituen erakundeak, Parkea Bizirik elkarteak eta Uliako Lore Baratzak elkarteak San Bartolomeko horman sorbeltz arruntentzako habi kutxak jartzeko eskatu diote Donostiako Udalari. Azaldu dutenez, inguru horretan dago hiriko sorbeltzen koloniarik handiena, eta zehatz mehatz zenbat ale dauden ez dakiten arren, ehun inguru daudela kalkulatzen dute. Horregatik, hormaren goiko aldean, etorkizunean eraikiko duten 80 metroko begiratokiaren azpian, ehun habi kutxa jartzeko eskatu diote udalari –35 zentimetroko sakonera, 16 zentimetroko zabalera eta 17 zentimetroko altuera izango dutenak, 7 x 4 zentimetroko sarrerarekin–, egituran bertan integratuta.
Sorbeltzak Kenya (Afrika) ingurutik heltzen dira Donostiara apirilaren 28tik maiatzaren 1era, gutxi gora-behera. San Bartolomeko horman egiten dituzte habiak, batez ere, eta abuztuaren erdialdean Afrikako hegoaldera eta zonalde tropikaletara itzultzen dira. Naturzaleek azaldu dutenez, duela urte batzuk Urgulleko magalean zegoen beste kolonia bat galdu egin zen, Gipuzkoako Argazkialarien Elkartearen egoitzaren inguruan metalezko sare bat jarri baitzuten horman, menditik harriak erortzeko arriskua ekiditeko. Gauza bera egin zuten San Bartolomeko horman, eta, naturzaleen arabera, hegazti intsektujale horien kolonia desagertzeko zorian izan zen, baina ale batzuek habiak egin zituzten sarerik gabe gelditu ziren zulo eta pitzadura batzuetan. Azken hilabeteotan horman jarri duten aldamioak eta segurtasun sareak sorbeltzei hormaraino heltzeko zailtasunak sortzen dizkietela ere nabarmendu dute. Era berean, gogoratu dute sorbeltzak babestutako animaliak direla, eta Natura Ondarearen Legearen 54.5 artikuluaren arabera, euren habiak suntsitzea debekatuta dagoela.
Horregatik, habi kutxak jartzeaz gain, metalezko sarerik ez dagoen tokietan eta kontrahormetan lehendik zeuden zuloak eta hutsuneak mantentzeko eskatu diote udalari, horietan ere habiak egiten baitituzte sorbeltzek. Bestalde, San Bartolomeko hormako esku-hartzeko arduradunei, udalari eta sozietate sustatzaileei, naturaren inguruko gaietan aholkularitza teknikoa eskatzeko gomendatu diete, sorbeltzak eta bestelako animalia eta landareak babesteko. Horretarako prest agertu dira Naturkon, Parkea Bizirk eta Uliako Lore Baratzak.