Auzoetako jaiak bertan behera utzi dituzte, irailera arte
Joan den astean Donostiako Aste Nagusia bertan behera utzi ondoren, zaila zirudien auzoetako jaiak udan antolatu ahal izatea. Igeldoko jai batzordeak eta Herri Kontseiluak, esaterako, ekainaren 21etik uztailaren 2ra egitekoak ziren San Pedro jaiak ez antolatzeko erabakia hartu zuten joan den astean.
Horrela, Donostiako Festak erakundeak ohar bat helarazi die eguerdian hiriko jai batzorde guztiei, udan zehar egitekoak ziren auzoetako jaiak bertan behera utziz, irailera arte. “Gure jaien idiosinkrasia, egun horietan harremanak izateko dugun modua eta jaiak ospatzen ditugun espazioak ezagututa, ez dugu aukerarik ikusten gure auzoetan urtero ospatzen diren jaiak aurtengo udan egiteko”, adierazi dute. Maiatzean egin behar zituzten jaiak, Bidebietako Txanpontxo jaiak (14tik 18ra) eta Morlansko jaiak (15etik 17ra), sanjuanetara pasa zituzten hasiera batean (ekainera), baina “baikorregiak” izan direla adierazi dute Donostiako Festak-ekoek, eta barkamena eskatu diete jai batzordeetako kideei.
Beraz, honakoak dira aurten antolatuko ez diren auzoetako jaiak: Bidebietako Txanpontxo jaiak (maiatzak 14-18), Morlansko jaiak (maiatzak 15-17), Larratxoko jaiak (ekainak 11-15), Antiguako San Juanak (ekainak 19-23), Herrerako jaiak (ekainak 12-23), Amara Berriko Festak (ekainak 19-23), Ipar Intxaurrondoko San Juanak (ekainak 18-23), Oletako San Juanak (ekainak 18-25), Igeldoko San Pedro jaiak (ekainak 21-2), Altzako San Martzial jaiak (ekainak 19-2), Intxaur jaiak (ekainak 26-28), Añorgako Karmengo jaiak (uztailak 11-19), Groseko Zipotz jaiak (uztailak 16-19), Kaiko Karmengo jaiak (uztailak 16-20), Amara Berriko Karmengo jaiak (uztailak 17-19), Zubietako herri jaiak (uztailak 24-31), Amarako jaiak (uztailak 29-2) eta Loiolako San Inazio jaiak (uztailak 30-2). Hala ere, Donostiako Festak-ek nabarmendu du 2021eko jaiei begira, 2019ko datuak hartuko dituztela oinarri gisa kalkuluak egiteko garaian, 2020a existitu izan ez balitz bezala. Antiguako eta Ibaetako sansebastianen kasuan, dagokien diru-laguntza jasoko dute aurten.
Bestalde, Añorga Txikiko jaiak (irailak 4-5), Txomiñeneko jaiak (irailak 4-6), Intxaurrondo Zaharreko jaiak (irailak 7-14), Jolastokietako jaiak (irailak 9-13), Aieteko jaiak (irailak 11-27), Egiako Porrontxo jaiak (irailak 14-20), Loiolako Erriberako San Festo jaiak (irailak 18-20), Amara Berriko jai herrikoiak (urriak 8-11) eta Martuteneko jaiak (urriak 9-12) aurrera jarraitzen dute momentuz, eta aurrerago jakinaraziko diete jaiak egin daitezkeen edo ez. Era berean, jai batzorde horiei eskatu diete dagoeneko erabakiren bat hartu badute eurekin harremanetan jartzeko.
Goizean gaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak, nabarmendu du Eudel EAEko udalen elkarteak 250 pertsonako muga gomendatu duela jende pilaketei begira, eta, Goiaren ustez, muga hori mantenduko da: “Epe motzean, 25o pertsonako muga mantenduko da; beraz, horrela zaila da jaiak antolatzea”. “Agian gauza sinbolikoak antolatu daitezke, baina ez jaiak bere horretan”, gaineratu du Goiak, Gasteizen San Prudentzio Eguna balkoietatik ospatu zutenekoari erreferentzia eginez.