Azu Muguruzak beste urtebetez jarraituko du Ibaeta Basketen entrenatzaile lanetan
Ibaeta Basketek adierazpen bitartez iragarri du Azu Muguruzak taldearekin berritu duela beste urtebeterako. Beraz, 2020-2021 denboraldian ere entrenatzaile lanetan jarraituko du donostiarrak.
Iragarpena aprobetxatuz, koronabirusa dela eta aurretik amaitutako denboraldiaz aritu da Muguruza. “Taldea hoberen sentitzen zen unean gelditu zen txapelketa, egonkortasuna baitzegoen eta hobeto jokatzen ari ginelako”. Liga hala gelditu eta jendeari agur esateko aukerarik ez izatea “arraroa” izan bazen ere, “erabaki zuzena zela pentsatu genuen denok klubean”.
Bestalde, 2020-2021 denboraldiari begira jarrita, “ideiak argi” dituela plazaratu du Muguruzak. “Joan den urtean izandako akatsak ikusita, hasieratik jokalari oreka bilatuko dugu”, jakinarazi du. Jokalarien gehiengoak berritzea nahi duela esan du, “ez litzatekeelako ona izango taldearentzat aldaketa asko txertatzea” eta “lanean gogor aritu direla ikusi baitut, nahiz eta emaitzetan ez den beti ikusi”. Hala ere, aldaketa batzuk ere egin beharko dituztela aurreikusi du “ondo egokitu ez diren edo berritu ezin daitezkeen postuetan”. 2020-2021 denboraldiari “ilusioz”ekingo diola esan du.
Muguruzak Ibaeta Basket proiektuaren lidergoan darama 1993. urtetik, alegia, proiektua martxan jarri zenetik. Hasiera batean unibertsitate mailan aritu zen taldea. 2001ean maila federatuetan aritu zen lehen aldiz, 2007an lortu zuen bigarren mailaran igotzea eta 2013tik lehen mailan aritu da lehian.