Euskadiko Orkestrak zortzi kontzertu egingo ditu, eta telebistan emango dituzte
COVID-19aren pandemiaren ondorioz egindako geldialdiaren ostean, Euskadiko Orkestra lanera itzuli da, eta musikariak oholtzan elkartu dira berriro ere, entseatzeko. Martxoaren 9an egin zuen orkestrak bere azken kontzertua, Istanbulen, eta ordutik, musikariek ezin izan dute elkarrekin lanik egin. 19-20 denboraldian programatutako azken kontzertuak ere bertan behera utzi behar izan dituzte, baina gaur jakinarazi dute “egungo egoerara egokituta” jarduerari ekingo diotela berriz Miramongo egoitzan.
Hain zuzen, zortzi kontzertuko denboraldi “txiki” bat egingo dutela iragarri dute. Oraindik publikoarekin “aurrez aurre egotea” ezinezkoa denez, kontzertuak ETB kateak emango dituela azaldu dute; sare sozialetan ere ikusgai izango dira. “Espainiako estatuko lehen orkestra da abian jartzen eta oholtzan elkartzen, baita Europako bakanetakoa ere”, jakinarazi dute.
Euskadiko Orkestra martxan! leloa jarri diote kontzertuen zikloari, eta berrogeita hamar bat musiko arituko dira horietan. Miramongo egoitzan gaur egindako entseguan, sakabanatzeko probak egin dituzte, eta ezarritako segurtasun protokoloek funtzionatzen dutela baieztatu dute. Amaia Asurmendi biolin joleak bideo batean azaldu ditu hartu dituzten segurtasun neurriak:
“Kolektibo handia da eta fisikoki ondo trinkotua egon behar du programak interpretatzeko, baina egoera honetan musikariek bi metroko segurtasun-tartea gordeko dute. Hori dela-eta, musika beste modu batera interpretatzen ikasi behar dute, elkarren artean entzuteko beste erritmo eta denbora batzuekin, musika jaria dadin”, azaldu dute.
Robert Treviño zuzendari titularrak gidatuko ditu gehienez ordubeteko iraupena izango duten kontzertuak. Maiatzaren 30etik aurrera emango dituzte ETB katearen bigarren kanalean, goizez. Kontzertu denboraldi txikirako aukeratutako konpositoreen artean, Ramon Lazkano eta Mikel Urquiza euskaldunez gain, Mendelssohn, Haydn, Mozart, Richard Strauss eta Brahms daude, horien partituratako asko 50 musikari baino gutxiagoko orkestra murritzetarako idatzita baitaude.
Hona hemen Euskadiko Orkestrak gaur egin duen entseguaren bideo bat: