Gipuzkoako Erizainen Elkargoak etsipena azaldu du Jaurlaritzak ez dielako erantzun egindako eskaerei
Joan den asteazkenean Euskal Autonomia Erkidegoko Erizainen Elkargoek bilera egin zuten Gasteizen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgarekin eta saileko beste hainbat arduradunekin. Baina bileran, Jaurlaritzak ez zien azkeneko asteetan egindako eskaeren inguruko erantzun zehatzik eman, ezta pandemia hasi zenetik egindako hainbat eskaerari ere. Hori dela eta, Gipuzkoako Erizainen Elkargoak “etsipena” adierazi nahi izan du adierazpen baten bitartez.
Gipuzkoako Erizainen Elkargoak pandemia hasi zenetik eskatu du erizaintza arrisku lanbidetzat jo dadin, hain zuzen ere, gaixotasunarekin etengabeko kontaktua baitute profesional hauek. Era berean, COVID-19ak kutsatutako erizainen kopuru zehatza ezagutzea eta babesteko materialak bermatzea ere eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. “Elkargo profesionala garen heinean, gure betebeharra da Gipuzkoan lan egiten duten erizainen segurtasuna zaintzea. Iturri ofizialen informazio fidagarria eta kontrastatua behar dugu”, azaldu du Pilar Lekuona Elkargoko lehendakariak. Gainera, salatu du orain arte Jaurlaritzako Osasun Sailak elkargo profesionalak ez dituela kontuan hartu erabakiak hartzeko, eta “susmoa dutela” hala izango dela hemendik aurrera ere.
Bestalde, Lehen Arretari lotuta argitaratuko diren jarraibideak zeintzuk diren erne egongo direla esan du Lekuonak. Eta irailetik aurrera ikastetxeetara itzultzeko segurtasuna bermatu dadin, ikastetxeetan erizainak sartzeko garrantzia azpimarratu nahi izan du, nahiz eta aldarrikapen hau berria ez izan.